Aiaraldeak, Gasteizek, Irunek eta Etxebarrik programa pilotua hartuko dute 15 eta 18 urte bitarteko nerabeen ongizate emozionala jorratzeko. Eusko Jaurlaritzak garatuko du egitasmoa, FEDEAFESekin (Buru Gaixotasuna duten Pertsona eta Senideen Elkarteen Euskadiko Federazioa) batera.
Aiaraldea Komunikabidea harremanetan jarri da Osakidetzarekin eta osasun zerbitzu publikoak azaldu du laster emango dutela horren berri eta 2026an sartuko dela indarrean egitasmoa.
Berez, Imanol Pradales Lehendakariak eman zuen atzo horren berri politika orokorreko Legebiltzarreko saioan. Buru osasunean eragiteko zenbait neurri iragarri zituen. "Lehen arretako hiru kontsultatik bat lotuta dago buru osasunari edo ongizate emozionalari", azaldu zuen gobernuburuak.
Hori dela eta, Eusko Jaurlaritzako buruak zenbait neurri aipatu zituen: psikologoen zerbitzua lehen arretan, sakelakoen gehiegizko erabileraren kontrako neurriak... Aiaraldeari dagokionez, eskualdea programa pilotu baten barruan egongo da 15 eta 18 urte bitarteko gazteen ongizate emozionala eta autozaintza sustatzeko.
Horretarako, espazio seguruak sortuko dituzte, profesionalekin betiere, nerabeak entzuteko eta euren zalantzak eta kezkak partekatzeko eta laguntza eskaintzeko.
Lehendakariak berak erantsi zuen urtebeteko egitasmoa izango dela eta gero emaitzak aztertuko dituztela, erkidego osora zabaltzeko.