Laia Eskolako Aiaraldeko programaren aurkezpena hartu du gaur Arespalditzan kokatuta dagoen udalbatza aretoak. Eskualdeko zortzi udaleko ordezkari politikoek parte hartu dute ekitaldian eta Iñaki Gurtubai Arabako Foru Aldundiko Berdintasun, Euskara eta Gobernantzako Diputatuak ere hartu du hitza.
Hain zuzen, Gurtubaik azpimarratu du programa hutsa baino, sarea dela Laia, aukera ematen duelako erakundeen eta mugimendu feminista zein elkarteen artean elkarlanean aritzeko. Diputatuak aldarrikatu du guztiek defendantzen dutela benetako berdintasuna.
Halaber, Arabako Foru Aldundiko ordezkariak azaldu du Laiak berebiziko garrantzia ematen diola indarkeria matxistaren kontrako lanari, ahalduntze kolektiboei (irakurketa klubak aipatu ditu horren eredu), LGTBIQ+fobiaren aurka borrokatzeari eta gizonezkoak berdintasunaren aldeko mugimenduan batzeari.
Emakumeeak botere guneetara
Gurtubaik iragarri du azaroaren 23ko Administrazio Batzarren hauteskundeetara begira kanpaina egingo dutela emakumeen parte hartzea sustatzeko, ez soilik bozkatu dezaten, baita ere zerrendetan egon daitezen hautagai gisa.
Erakundez erakunde
Diputatuaren ostean, Aiaraldeko Kuadrillako presidentea den Iñigo Pinedok eta udal ordezkari politikoek gaineratu dituzte egingo dituzten ekintza nagusiak.
Pinedok urriaren 25eko Aiaraldeko Kuadrillako Berdintasun Topaketen berri eman du. Okondon izango dira eta artea izango dute hizpide. Eskualdeko bost emakume sortzailek hartuko dute hitza egun horretan eta euren lanak erakutsiko dituzte.
Okondon egingo dira aurten Aiaraldeko Kuadrillako Berdintasun Topaketak, urriaren 25ean.
Nagore Gomara Laudioko zinegotziak bereziki interesgarritzat jo ditu 65 urtetik gorako emakumeekin eta adingabeekin egingo diren jarduerak. Emakumezko nagusiekin euren familia argazkiekin osatutako erakusketa egingo dute eta neskekin, aldiz, hilekoaren zikloari buruzko jardunaldiak. Asmoa da adingabeek euren konfiantzazko pertsona heldu batekin parte hartzea, konfiantzaz ziklo horren inguruan hausnartzeko.
Iker Santocildes Urduñako alkateak aipatu ditu hirian egingo dituzten bi tailerrak, horietako bat argazkigintzakoa.
Eneritz Alonso Okondoko zinegotziak aitortu du ez dutela berrikuntza handirik sustatu, orain arte egindakoa oso ondo joan delako. Hala, sorkuntza eta ahalduntze sarea ehuntzen jarraituko dute, espazio seguruak bermatzeko emakumeei.
Txerra Molinuevo Amurrioko alkatearen aburuz, nabarmentzekoa da Emakumeen* Sarearekin elkarlanean antolatzen dela bertako egitaraua. Horrez gain, herriko genero diagnosiaren beste fase batean sartuko dira, Administrazio Batzarren egoera aztertuta. Horretarako Delika eta Larrinbera joko dute.
Izaskun Gaztelu Orozkoko zinegotziak azaldu du lehenengo aldiz egingo dutela irakurketa klub feminista eta ez du ahaztu brikolaje tailerra ere eskainiko dutela.
Joseba Vivanco Artziniegako alkateak iragarri du trebakuntzaren bidea jorratzen jarraituko dutela eta horretarako bi eremu ezberdinetara joko dutela. Alde batetik, kafe solasaldiak egingo dituzte emakume helduekin egiturazko matxismoari buruz. Bestalde, ikastaroa antolatuko dute 10 eta 18 urte bitarteko emakume gazteekin.
Karmele Poblacion Aiarako zinegotziak egin du azken hitzartzea. Ordezkariak argitu du oso erabilgarria izaten ari dela Laiaren lana. Aiarako kasuan jadanik abian dago egitaraua. Senegalgo emakume meatzariekin hasi ziren dokumental bat ikusita, eta urrian Afrikako emakume horiekin topaketa egingo dute.
Horrez gain, autodefentsa ikastaroa prestatuko dute berriz eta amatasunari buruzko hausnarketa prozesua abiatuko dute: "Amak direnak laguntzeko eta hausnartzeko zer den amatasuna eta zer ez".