Esti Urresolak, Miren Gaztañagak eta Agurtzane Intxaurragak babestu dute zinemaren munduak deitutako manifestazioa Gazako sarraskia gelditzeko

Aitor Aspuru Saez 2025eko irailaren 25a

Atzoko mobilizazioaren irudia. / Podemos Euskadi

Zinemagile laudioarrak, Arakaldon bizi den antzezleak eta Orozkoko sortzaileak atxikimendua eskaini zioten Zinemaldiaren erdian egindako manifestazioari.

Atzo 18:30ean mobilizazio jendetsua egin zuten Donostian, Zinemaldiaren testuinguruan, Gazan gertatzen ari den genozidioa salatzeko, eta eskualdeko hiru herritarrek eman zioten babesa. Hain zuzen, zinemaren munduko 350 atxikimenduen artean, Esti Urresolarena, Miren Gaztañagarena eta Agurtzane Intxaurragarena egon ziren.

Izan ere, Palestinaren aldeko antolakundeek ez ezik, Euskal Aktoreen Batasuna elkarteak ere deitu zuen atzoko manifestazioa eta euskal profesional ugari batu ziren ekimenera: Sara Fantova, Paul Urkijo, Alauda Ruiz de Azua, Eneko Sagardoy, Fermin Muguruza, Itziar Ituño edota Jone Laspiur.

Nazioarteko izen oso ospetsuak ere ez ziren falta izan sostengua eskaintzeko: Paul Laverty, Penelope Cruz, Javier Bardem edota Pedro Almodovar.

Mobilizazioaren testuak exijitu zuen Israel Nazio Batuen Erakundean ez geratzea, Israelekin arma-merkataritza amaitzea eta euskal enpresek genozidioan izan dituzten konplizitateak aipatzea.

Azken puntu horretan bereziki nabarmendu zuten CAF enpresaren ardura: "CAF euskal tren-enpresa NBEren zerrenda beltzean sartu dute, lotsarik gabe Jerusalem eta Israelen legez kanpoko kokalekuak lotuko dituzten tren-lineak fabrikatzeagatik. Dagoeneko 14.000 palestinar baino gehiago kanporatu dituzte kokaleku horietatik. Gainera, enpresako zuzendaritzak eta Eusko Jaurlaritzak (% 3aren jabea) ez diote jaramonik egiten Albanese txostenari, zeinaren arabera tren hau garbiketa etnikoko eta genozidioaren kolaborazioko krimena den".

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide