Arabako Foru Aldundiak bozketa fasea ireki du Aurrekontu parte-hartzaileetan herritarrek iritzia eman dezaten. Bi kategoria daude horretarako: 2.000 biztanletik gorako proiektuena eta kopuru horretatik beherakoena.
Lehen kategorian Aiaraldeko bi ekimen daude. Alde batetik, Luiaondoko (Aiara udalerri gisa) frontoiko estalkia aldatzea eta plaka fotovoltaikoak jartzea. Bestetik, Laudioko Arrañoko 'gaztelua' Lamuzako bidezidor sarearen erdigune gisa birgaitzea bozkatu daiteke.
Kulturlab
Hain zuzen, Kulturlab ekimenak azken egitasmo horretarako eskatu du boza. Taldeak bere eskaria azaldu eta Lamuzako Parkeko etorkizunera lotu du: "'Arrañoko Gaztelua izenekoaren berreraikuntza amaitzea eta parkeko bidezidorren sarea birgaitzea proposatzen da, elementu hori –monumentu-multzoaren talaia eta begiratoki pribilegiatu gisa diharduena– bidezidorren sare horren ardatz bihurtuz, eta, gainera, bizilagunentzako gizarte-zentro gisa erabiltzeko aukera emanez. Gure ustez, hori lortzea beste mugarri garrantzitsu bat izango litzateke Lamuzako parkea hobetzen jarraitzeko".
Artziniegan, Laudion eta Luiaondon proposatutako proiektuak bozkatu ahal dira Arabako Foru Aldundiko Aurrekontu parte-hartzaileetan
Kulturlabek adierazi du "erronka handia" dela eta Laudion bizi den 16 urtetik gorako herritar ahalik eta gehienek bozkatzea nahi dutela: "Foru Aldundiak boto haztatua ezarri du herri bakoitzeko biztanle kopuruaren arabera. Laudioko herritarrek beren udalerriko proiektu bakar bati eman diezaiokete botoa, eta aurten aurkeztutako bakarra hau izan da. Horrela, Araban planteatu diren beste bi proposamenek baino boto haztatu gehiago lortu beharko ditugu 2.000 biztanletik gorako udalerrien kategorian (bata Aiara herrian eta bestea Legution)".
Gauzak horrela, Kulturlabeko kideek azaldu dute nola babestu proiektua urriaren 24 baino lehen:
- Zuzenean Laudioko Udaleko HAZen.
- Sinadurak biltzeko jarriko diren mahaien bidez.
- Laudioko hainbat gunetan (Kultura Etxea, Kiroldegia, Gardeako Gizarte Zentroa, okindegiak, etab.) jarriko dituzten postontzietan.
Artziniegako egitasmoa
Azkenik, 2.000 biztanle baino gutxiago dituzten udalerrien artean Artziniegak ekimen propioa landu du. Zehazki, Dorreko erlojuak zaharberritu eta abian jartzea.
Aintzat hartu beharra dago 2026ko aurrekontuetara begira araudia aldatu dutela. Esaterako, "gutxieneko quorum bat ezartzea 2.000 biztanletik beherako udalerrietan, koadrilen arabera multzokatuta, gizartearen babes adierazgarria bermatzeko".