ARGAZKI KRONIKA: FOSTERLANG (I)

Eletik alera, Europako hizkuntza gutxituen arteko sareak eraikiz

Izar Mendiguren Cosgaya 2025eko urriaren 7a

Irailaren 25etik 27ra Poloniako Wilamowice herrian egon da Aiaraldea Ekintzen Faktoria, Europako hizkuntza gutxituetako komunitateen errealitate eta esperientziak trukatzeko jardunaldietan. Erreportaje sorta plazaratuko du Aiaraldea Komunikabideak datozen egunetan horren harira.

Zein balio sozial eta komunitario dituzte hizkuntza gutxituetako komunitateek? Fosterlang proiektuaren baitan irailaren 25etik 27ra egin ziren jardunaldiak Wilamowiceko museoan (Polonia). Euskal Herriko lantaldeak Aiaraldea Ekintzen Faktoria hautatu zuen, arnasguneen esperientzia gisa, bidea edo begirada irekitzeko beste herrialde eta hizkuntza gutxitu batzuei.

Ibon Manterola Garate (EHU) eta Jone Goirigoizarri Garaizar (Deustuko Unibertsitatea) dira ekimenaren parte, besteak beste. Fostering Linguistic Capital: A Roadmap for Reversing the Diversity Crisis and Activating Societal Benefits in Europe dute erronka, "hau da, hizkuntza kapitalaren sustapena: Europan aniztasunaren krisiari aurre egiteko eta gizarte onurak aktibatzeko bideorria sortzea".

Proiektuak eraldatu egin nahi ditu gaur egun hizkuntza gutxituetako eta testuinguru migranteetako hiztunen kapital linguistiko, kultural eta sozio-ekonomikoak aitortu eta baloratzeko moduak. "Hizkuntza komunitate gutxituek garapen humano, kultural eta sozio-ekonomiko sendoa lor dezaten ekarpena egin nahi du Fosterlangek, epe labur, ertain eta luzean Europako hizkuntza gutxituak babesteko gomendio zein estrategia eraginkarriak jasoko dituzten proiektuen bidez”, zehaztu dute. Hala, hiru urterako egitasmoan murgilduta daude buru-belarri.

"Hizkuntza komunitate minorizatuek garapen humano, kultural eta sozio-ekonomiko sendoa lor dezaten ekarpena egin nahi du Fosterlangek"

Nola saretu, ordea? Varsoviako Justyna Olko du gidari ekimenak, beste 13 kiderekin batera: European Language Equality Network (ELEN), Linguapax International, Uniwersytet im, Adama Mickiewicza w Poznaniu, Stowarzyszenie Wilamowianie, Stowarzyszenie Ruska Bursa, Naja Szkola, Max Planck Institute for Sociolinguistics, Euskal Herriko Unibertsitatea, Dublin City University, Universitetet Oslo, University of the Highlands and Islands, University of Wales Trinity Saint David Royal Charter eta Pädagogische Hochschule Kärnten. Orotara 7 hizkuntza gutxitu baino gehiago batu dira elkarlanerako Polonian, asteon.

“Unibertsitateak edota ikerguneak dira partaide gehienak, baina badira herrigintzatik sortutako erakundeak ere, hizkuntza gutxituen indarberritzea bultzatzen ari direnak. Adibide ezagunena ELEN bada ere (Euskalgintzaren Kontseilua bezalako elkarteen bilgunea Europa mailan), Poloniako hainbat erakunderen parte hartzea nabarmendu behar da, adibidez, Naja Szkolarena, kashubierazko eskola elebiduna sustatzen duena", erantsi dute euskal ordezkariek. 

Hasiera ekitaldia, Wymysoün

Proiektuaren hasierako ekitaldia izan zen Wymysoün burututakoa (Polonieraz: Wilamowice): “Ekitaldia han egitea esanahi handikoa da: Wymysoryeraren hizkuntza komunitatea indartzen dabiltza azken hamarkadetan zehar, eta bertatik ari dira lideratzen ikerketa. Emaitza nabarmenen artean, wymysoryerar komunitatearen iragan kultural eta linguistikoa jasotzen dituen museoa aipatu behar da. Kultur topagune honetan askotariko jarduerak ari dira egiten komunitatearen ahalduntzea sustatzeko”. 20-25 hiztun dituen hizkuntza berreskuratzetik museo eta proiektu komunitario batera egin dute jauzi. Horren adierazle izan zen espazioan bertan antolatutako dantza, abesti, olerki zein antzerki saioa, 100 bat lagun elkartu zirelarik.

Ekitaldia han izateak badu garrantzia: Wymysoryeraren hizkuntza komunitatea indartzen dabiltza eta museoa sortu dute iragan kultural eta linguistikoa jasotzeko.

Lehenbiziko topaketa Fosterlangeko kide guztiak batzeko eta hiru urtetarako asmoak aurkezteko baliatu zuten: komunitateko kideen hizkuntza sozializazio estrategiak eta esparruak indartzeko ildoa, komunitateen hizkuntza kapitalaren eta kapital sozio-ekonomikoen garapena uztartzen duten herrigintza proiektuen identifikazioa eta elkartrukea sustatzeko ildoa, komunitate minorizatuetan hizkuntza aktibismoa indartzeko ildoa, eta abar. 

Trauma eta ekimen linguistikoak hizpide

Aiaraldea Ekintzen Faktoria Wilamowicera heldu aurretik, trauma linguistikoak lantzen aritu ziren beste hainbat herrialdetako kideak. Hizkuntzen biziberritzerako ekimen linguistiko eta komunitarioak nagusitu ziren ondorengo egunetan (horien artean, Faktoria, HIGA munduko hizkuntza gutxituen gazteen topaketa edo saretze ekimena, Lemko hizkuntza sustatzeko espazio eta jarduna…). Hiru urteko ibilbidea du aurretik Fosterlangek, ordea. Horrenbestez, eletik aletzea, hasi baino ez da egin.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide