El Correo egunkaria gogor jokatzen ari da iraileko azken asteetan. Irailaren 21ean, gazte magrebiar bat labankadaz hil eta gero Bilbon, gezur izugarria asmatu zuen jendearen beldurra eta irudimena sutan jartzeko. Alegia, gazte magrebiarra (mairua!) gaizkile banda latindar baten biktima izan zen, euren erredaktoreen arabera.
Koktelari ez zitzaion ia ezer falta, egia kenduta. Izan ere, Ertzaintza bera agertu behar izan zen eragindako ikara soziala baretzera. Poliziak argitu zuen EAEn ez dela existitzen Vocentok aipatutako banda latindarra eta zoritxarreko hilketa kasualitatea izan zela, erasotzaileek ez baitzuten aurretik biktima ezagutzen.
Arrazakerian kale, transfobian frogatu beharra
Bernedoko kasuan sartu baino lehen, zenbait azalpen. Kasua aspaldi dago poliziaren eta epaileen esku eta, momentuz, ez dute jakinarazi, berez, zeintzuk diren ustezko sexu askatasunaren kontrako delituak. Adibidez, gazteen artekoak diren edota begiraleen kontrakoak. Hori hasteko.
Bestalde, erasotua sentitu den edonork eskubidea dauka salaketa egiteko, izan adingabea edo heldua. Erakundeen lana da hori ikertzea modu arduratsuan eta alarmak piztu gabe, zigorrak ezarrita beharrezkoa izanez gero. Hori gogoratzea ariketa ergela dirudi, baina komenigarria da mahai gainean jartzea. Alde batetik, Vocentok abiatutako sorginen ehiza irudikatzeko, baina baita salatu dutenen zilegitasuna aitortzeko ere.
Izan ere, orain arte ez da publiko egin benetan zer salatu den, baina jakin badakigu zer iruditu zaion horren eskandalagarria El Correori: Neskak bularretakorik gabe, titi bistan igerilekuetan, begiraleak erdi biluzik, dutxa mistoak!!!
El Correok eskandalagarritzat jo dituen hainbat elementu ez dira delituak: topless egitea igerilekuetan edo dutxa mistoak, bereziki, azken horiek derrigorrezkoak ez direlako
Ba zera, El Correoko kazetari eta zutabegileei hotzikarak sortzen dizkieten elementu horiek guztiak, momentuz, ez dira delituak. Neskak bularretakorik gabe ibil daitezke udalekuetan (eta, are gehiago, kalean ere!!!).
Igerilekuetan topless egiteak ere ez du legerik urratzen eta, esaterako, Laudioko udal igerilekuetan araututa dago. Dutxa mistoei dagokienez, begiraleek eurek azaldu dute inor ez dagoela besteen aurrean biluztera behartuta eta aintzat hartzen dutela biluztasunarekin eta gorputzarekin harremana gatazkatsua izan daitekela, bereziki nerabe eta gazteen artean. Ondorioz, aukera indibidualak jorratzen dituzte.
Orduan, non dago Ertzaintza, Eusko Jaurlaritza, Foru Aldundiak eta udalekuak hankaz gora jartzeko arrazoia? Izan ere, gaur egungo gazteen buru osasun maila beherantz joateak, pornografiaren menpekotasunak eta sare sozialen erabileraren ondorio psikiko lazgarriek ez dute (nahiz eta ikerketa zientifikoek horien eragina frogatu) horrenbesteko zalaparta sortu euskal gizartean.
Galderaren erantzuna aski erraza da: eskuin muturrak sustatu duen kanpainak, sentsazionalismoa eta beldurra baliatuta, bete-betean asmatu duela gizartearen beldur guztietan; gazte eta nerabeak arriskuan egotearen beldurrean, alegia. Eta ez hori bakarrik, eskuin muturrak estimulatzen duen beste nerbio batean jo du: erakundeen kontrako mesfidantzan (Eusko Jaurlaritza, Foru Aldunduak, polizia, epaileak, begiraleak...) eta handik behera doan nihilismo eta konspiranoia amildegian.
Pedofilia, transfobia eta eskuin muturra
Edonola ere, esan bezala, etorkizunean jakingo dugu Bernedon benetan zerbait gertatu ote zen (arestian aipatu da, ez dakigu akusazio zehatzak zeintzuk diren ere), baina egun gizartean daukagun fenomenoa adingabe batzuen salaketa baino handiagoa da.
Vocentok hauspotutako polemika (transfobiaz eta homofobiaz ederto zipriztinduta apropos, eztabaida logika horretan kokatzeko) sare sozialetan izan du bere oihartzuna prest zeuden hainbat eskuin muturreko ekintzaileei (batzuk euskaldunak ere) esker; zeintzuek, diskurtso matxistak ez ezik, eraso pertsonalak ere bultzatu dituzten, Aner Peritzen kontra, esaterako.
Errezeta ez da berria eta eskuin muturrak historikoki ustiatzen ditu horrelako gertakariak bere diskurtsoa zabaltzeko. Okultismoan eta paranoian hain ondo mugitzen den esparru ideologiko horrek Alcassereko kasua baliatu zuen 1990ko hamarkadan. Egundoko konspirazioa asmatu zuten mamu ikusezinak astintzeko eta emakume gazteei gogoratzeko etxean eta familiarekin baino seguruagoak ez zirela inon egongo (nahiz eta sexu eraso gehienak inguruko gizonek eragiten dituzten). Nola ez, heriotz zigorra aldarrikatzeko ere baliatu zuten aukera.
Eskuin muturrak Espainiako estatuan zein Ameriketako Estatu Batuetan harreman luzea dauka histeria sustatzen, pedofilia, matxismoa eta homofobia nahasten bere agenda politikoa sustatzeko: Alcasser, Arny, Pizzagate, Jeffrey Epstein...
Alcasserreko trauma oraindik indarrean zegoela, Espainiar estatuan ere 'Arny' kasua egon zen. Ustez, homosexual ospetsu askok (Jesus Vazquezek, Jorge Cadaval 'Los Morancos'-eko kideak edota Javier Gurrutxagak) adingabeei ordaintzen zieten sexu harremanak izatearen truke Sevillako zenbait tabernetan. Urteak pasa ahala zer gertatu zen kasu horrekin? Aipatutako guztien kontrako akusazio formalik ez zela egon eta gerora bistakoa izan zela homofobiak eta sentsazionalismoak bultzatutako bulo bat baino ez zela izan.
Estatu Batuetako QAnon eta Alt-right deiturikoak (hau da, muturreko eskuin berriak) izan dira pedofilia eta konspiranoia hobekien esplotatu dutenak. Pizzagate izendatutako ustezko pederasta sarea izan da euren obsesioa batez ere.
Berriki Jeffrey Epsteinen kasua ere izan dute. Donald Trumpek gai hori hartu eta Estatu Batuetako finantza gizonaren prostituzio eta pederastia sarea noraino heltzen zen azaleratuko zuela agindu zuen hauteskundeetan, iradokita, nolabait, konspirazioa zegoela Epstein babesteko eta Gobernu Demokrata horren parte zela.
Ironikoki, duela gutxi partidaren rolak aldatu dira eta orain demokratak dira egi osoa exijitzen dutenak, Trump bere eskuin muturreko bozkatzaileen kontra jarri nahian eta egungo presidenteak Epsteinekin zuen harremana aireratuta.
Sexu heziketa eta pederastia
Gauzak horrela, eskuin muturraren obsesioa pederastiarekin ezaugarri historikoa izan da. Alegia, sexu heziketan edo sexu askatasunean urratsa egin den bakoitzean, argudio horri heldu dio eskuin muturrak, bai emakumeen askatasunari mugak jartzeko, homosexualak armairura itzultzeko edo, kasu honetan bezala, transfobia bultzatzeko.
Duela urte gutxi Vox alderdiak pin parentala ezartzea eskatu zuen, ikastetxeetan irakasten den sexu heziketa adingabeak perbertitzen dituela argudiatuta. Hala ere, ez da beharrezkoa horren urrun joatea. Nafarroan eskuinak denetarik esan zuen Skolae sexu heziketa programari buruz: inposizioa, adoktrinamendua, aberrazioa...
Sexu eta genero askatasunari aurre egiteko argudioen faltan, pederastia eta haurren perbertsioa salatzea da eskuin muturrari geratzen zaion ihesbide eta estrategia bakarra ez esateko, argi eta garbi, misoginoak, homofoboak eta transfoboak direla.
Izan ere, sexu eta genero askatasunari aurre egiteko argudioen faltan, pederastia eta haurren perbertsioa salatzea da eskuin muturrari geratzen zaion ihesbide eta estrategia bakarra ez esateko, argi eta garbi, misoginoak, homofoboak eta transfoboak direla. Izan ere, nor egon daiteke norbera bere sexu eta orientazioarekin gustura bizitzearen kontra?
Gaixorik ez dagoen inork ez du hori babestuko, benetan zitala izan beharra baitago jendea armairu barruan egotera zigortzeko edo gogoko ez duen genero batekin bizitzera behartzeko.
Ondorioz, eskuin muturrari giza sentimendu eta beldur irrazionalenak astintzea baino ez zaio geratzen sexu heziketari eta sexu askatasunari aurre egiteko. Eta horretarako gizarteko zatirik zaurgarrienaren kontrako mehatxua asmatu behar dute: sexu hezkuntzak haurrak perbertitzen ditu, homosexualek haurrak arriskuan jartzen dituzte...
Eta horren herritar zaurgarriak (umeak) arriskuan daudela esaten denean, arruntena da jende orok burua galtzea, zaila baita emozioak kontrolatzea kasu horietan.
Berez, Vocentori eta eskuin muturrari hain larriak iruditzen zaizkie dutxa mistoak edota toplessa, gehienbat udaleku horiek defendatu duten apustu politiko baten barruan daudelako. Adingabeen eskubideak bost eurei, aitzakia baino ez dira homosexualak, emakumeak eta pertsona transak euren tokira bidaltzeko: armairura edota sukaldera.
Bestela, ironikoa da, hain justu, eskuin muturrak beste alde batera begiratzea eta babesleku izatea adingabeen kontra eraso gehien egin dituen erakundean. Zehazki, Eliza katolikoak diktadura frankistaren oinarri ideologiko eta moralak bermatu zituen, nazional-katolizismoaren zaindari sutsua izanda, haurren kontrako erasoak ezkutatu bitartean, baina bere aurka ez dute esan Bernedoko udalekuen kontra esan dutena.
Eta alderaketetan sartuta, are barregarriagoa da El Correok salatzea biluztasuna. Hedabide generalista izanda eta inolako adin mugarik ezarri gabe, zenbat aldiz izan du bere webgunean Scarlett Johansson edota beste emakume ospetsuen irudiak biluztuta, emakume horien nahiaren kontra, gainera? Behin baino gehiagotan hemerotekak erakusten duen moduan, eta bitan baino gehiagotan ere.
Eta okerrena da esparru abstraktuan aipatutako errealitate horiek guztiak ez daudela Aiaraldetik kanpo. Polemika eta histeria honek eragin du ikara sortzea erakunde publikoetan, udalekuen kontra joango dena. Bernedon aritzen diren eskualdeko begiraleek ez dakite estigma jasango duten kanpainaren ondoren, pertsona transen aldeko politikak dituzten udalekuak ez dakite arriskuan egongo diren eta poz-pozik daudenak, aldiz, badira Martxoaren 8an edota sexu heziketa dagoenean, euren semeak etxean sistematikoki uzten dituztenak, gaixorik daudela argudiatuta (eskualdean badaude horietakoak, sexu hezitzaileek ziurtatu dezaketen moduan).
Azken finean, ez dezagun ahaztu eskuin muturrak adingabeak (zuriak badira, jakina, kanpokoak badira, izorra daitezela, edo hobe, ito daitezela Mediterraneoan) behin eta berriro erdigunean jartzen dizkigutenean, ez dela euren ongizateagatik, baizik eta etorkizuna direlako, eta etorkizuneko herritar horiek naturalizatu ahal dituztelako egungo askatasun urratsak, atzerabuelta guztiz indargabetuta eta egungo orden soziala iraulita. Eta hori gerta dadin, heziketa ezinbesteko tresna da, formala zein aisialdian (udalekuetan, kirolean...) jasotzen dena.