Buru osasuna "bizitzako etapa guztietan" zaindu behar dela aldarrikatu du Asasamek

Txabi Alvarado Bañares 2025eko urriaren 6a

Laudio, Amurrio, Aiara, Artziniega, Okondo, Urduña eta Orozkoko alkateek parte hartu dute prentsaurrekoan. / Aiaraldea.eus

Urteroko egitasmoari eutsiko dio elkarteak aurten ere, futbol norgehiagokarekin eta ibilaldi sozialarekin. Horrez gain, aurten Amurrion egingo dute Fedeafes federazioaren ekitaldi nagusia, ostiralean. 

Buru osasun arreta bizitzako etapa guztietan bermatu behar dela uste du Asasamek, eta aldarri hori plazaratuko du Buru Osasunaren Nazioarteko Egunean. Gaur goizean egin dute aurtengo programa aurkezteko prentsaurrekoa, Laudio, Amurrio, Aiara, Artziniega, Okondo, Urduña eta Orozkoko alkateen parte hartzearekin.  

Urteroko jarduerak mantendu dituzte. Urriaren 14an lagunarteko futbol partida egingo dute elkarteko erabiltzaileen eta La Milagrosako ikasleen artean. Hilaren 19an, aldiz, Buru Osasunaren aldeko ibilaldi sozialaren VI. edizioaren txanda izango da. Ohiko funtzionamendua izango du egitasmo horrek. Goizeko hamarretan abiatuko dira parte hartzaileak Laudio zein Amurriotik, Luiaondon elkartzeko. 

Asasam barne hartzen duen Fedeafes federazioak Amurrio hautatu du bere aurtengo ekitaldi instituzionala egiteko. Ostiralean izango da zita.

Bukatzeko, hitzaldia eskainiko dute urriaren 28an Laudioko Kultura etxean, pertsona nagusien buru osasunari buruz. Arratsaldeko bostetan izango da solasaldia, Aidatu elkarteko presidentea den Cristina Blancoren eskutik. 

Horrez gain, beste ekitaldi bat sartu dute programan, berezia izango dena. Izan ere, Asasam barne hartzen duen Fedeafes federazioak Amurrio hautatu du bere aurtengo ekitaldi instituzionala egiteko. Bertan irakurriko dute aurtengo manifestua, ostiralean (urriak 10) eguerdiko hamabietan. 

Gazteekin programa

Urtero bezala, buru osasunaren aldeko baliabide gehiago behar direla aldarrikatu du Maria Angeles Arbaizagoitiak. “Ezin dugu onartu pertsonen bizi-kalitatea adinak, estigmak edo baliabiderik ezak baldintzatuta egotea”, nabarmendu du Asasameko presidenteak. Bere iritziz, “buru osasunean inbertitzea etorkizunean, gizarte-kohesioan eta duintasunean inbertitzea da”.

Bide horretan, Asasameko kideek balioan jarri dute elkartetik abiatutako Gazteekin programa, Aiaraldeko nerabe eta gazteak laguntzen dituena, "familiekin, ikastetxeekin eta komunitatearekin" lan eginez, "prebentzioa eta esku-hartze goiztiarra uztartuta".

Asasameko kideek balioan jarri dute elkartetik abiatutako Gazteekin programa, Aiaraldeko nerabe eta gazteak laguntzen dituena.

Izan ere, nabarmendu dutenez, buru osasuneko arazoen %70a agertzen da 18 urte bete baino lehen, eta suizidioa da gazteen artean heriotza gehien eragiten dituen kanpo faktorea Espainiako estatuan. 

Baina, era berean, adinekoen buru osasunean ere jarri dute arreta. Izan ere, "bakardadeak, galerek eta osasun fisikoko arazoek" zuzenean eragiten dute pertsona nagusien ongizate emozionalean, eta EAEn euren buruaz beste egiten duten pertsonen %70ak ditu 50 urtetik gora. 

Horri lotuta, Asasameko kideek nabarmendu dute buru osasuneko arazo larriak dituzten pertsonek "zahartze goiztiarra" pairatzen dutela, eta ohikoan baino 10-20 urte gutxiago bizi direla horren ondorioz. Horregatik, premiazkotzat jo dute "kolektibo horri bere zahartze-prozesuan laguntzeko baliabide zehatzak diseinatzea, eta etxebizitzaren eskuragarritasuna, enplegu babestua, osasun-arreta integrala eta zaintza-sare komunitarioak bermatzea". 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide