Renfeko C-3 lineako erabiltzaileek salatu dute neguko ordutegi aldaketak (atzo indarrean sartu zena) arazo gehiago ekarri dituela eskualdera. Izan ere, trenen kopurua izugarri murriztu da, eguneko azken orduetan bereziki.
Zehazki, 21:00etatik aurrera tren bakarra dago orduro Abando eta Urduña lotzeko. Hain zuzen, 21:30ean dago bat eta hurrengoa 22:40ean abiatzen da. Horrek suposatzen du 22:09ko zerbitzua kendu dutela eta, ondorioz, erabiltzaileek ordubete baino gehiagoko tartea dutela inolako garraiorik gabe eta garraio pribatua baino ez zaiela gelditzen etxera itzultzeko alternatiba moduan.
Denbora gehiago ibilbide bera egiteko
Hori gutxi balitz, Urduñako erabiltzaileek azpimarratu dute, gainera, bidaiak gehiago irauten duela. Pasa den astean 53 minutukoa zen Abando eta Urduña arteko ibilbidea, eta egun 61 minutukoa da.
Aiaraldea Komunikabidearekin hitz egin duten herritarrek azpimarratu dute Renfek (orain Eusko Jaurlaritzaren eskumena dena) prekarietatearen bidea hartu duela, bidaiarien beharrak ardatz hartu ordez.