Nerea Isusi Sanz, Ainhoa Ayesta eta Maialen Ginea izan dira Udako Postal Lehiaketako irabazleak

Erredakzioa 2025eko urriaren 10a

Nerea Isusi Sanzen argazkia.

Epaimahaiak bozka gehien jaso zituzten argazkien artean hautatu ditu garaileak.

Aste honetan erabaki dute epaimahaiko kideek nortzuk izan diren aurtengo Udako Postal Lehiaketako irabazleak. Maied Urrutia argazki irakasleak (Amurrioko Kultura Etxean klaseak eskaintzen dituenak, besteak beste) bi hautatu behar izan ditu.

Hasteko, Filipinetako ur argitan irudia izan da argazki postal onena. "Ezohiko perspektiba du eta konposaketaren aldetik interesgarria iruditu zait" adierazi du adituak. Lan horren egilea Nerea Isusi Sanz izan da eta Sobron abenturako parkean 6 pertsonarentzako esperientzia eskuratu du.

Aiaraldea Kooperatiba Elkarteko bazkideen artean banatu den aitortza Ainhoa Ayestaren Bakardadea argazkiarentzat izan da. Urrutiak aipatu du "intentzio poetikoa adieraztea lortu duela". Ayestarentzat izango da bi pertsonentzako eguneko menua Bideko jatetxean (50 eurotan baloratuta).

Azkenik, berrikuntza gisa, Aiaraldea Komunikabideak proposatu zuen bideo formatuko irudi estatikoen kategoria, non Maialen Ginea izendatu duen irabazle Julen Zubiete zinemagileak. Orozkoarrak arrazoitu du Egunsentia Sonabiatik lana saritu duela "irudi eta soinu lasai eta atseginez bideopostalaren formatuari era egokian adaptatuz udako momentu bereizgarri bat era erakargarrian erretratatu" duelako. Horregatik, enoturismo esperientzia eta bi pertsonentzako menua Artomaña Txakolindegian izango ditu Gineak.

Hurrengo egunetan Aiaraldea Komunikabidea irabazleekin jarriko da harremanetan sarien berri emateko.

Guztira, 115 lan aurkeztu dituzte parte-hartzaileek lehiaketan. Horietako 110 argazkiak izan dira (asko maila artistiko handikoak) eta bost bideo.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide