Aiaraldea Kooperatiba Elkarteak bat egin du Hego Euskal Herriko sindikatu eta eragileek urriaren 15erako deitutako lanuzte orokorrarekin. "Genozidioarekin negoziorik ez" eta "Boikot Israel" lemapeetan, Israel isolatzeko deiarekin bat egin eta Palestinako herriari elkartasuna adieraziko diote kooperatibako kideek.
Lanuzteak medio, Faktoria itxita egongo da 11:00etatik 14:00etara. Arratsaldean ere itxita egongo da espazioa eta bertan behera geratuko dira egun horretako atelierrak.
Kooperatibak goizean Hego Euskal Herriko hiriburuetan egingo diren manifestazioetara batzeko deia luzatu du. Protestek eskualdeko hainbat herrietan izango dute oihartzuna arratsaldean, eta mobilizazio horietara batzeko deia ere egin dute.
Palestinako ikurrak Faktorian
Laudio-Palestina Herri Ekimenarekin elkarlanean, Palestinako ikurrak daude eskuragarri Faktorian. Faktoriaren ohiko ordutegian erosi ahalko dira, hamar euroren truke.
Laudio-Palestina Herri Ekimenak, gainera, egitasmoa abiatu du saltzen diren ikurren argazkiak jaso eta zabaltzeko, norberak kokatzen dituen lekuan: etxeko balkoian, leihoan... Instagramen @laudio.palestina profilera bidali daitezke eta posta elektronikoz laudio.palestina@gmail.com helbidera.