Larunbatean aurkeztu zuen Paul Urkijok Gaua filma Sitgeseko Fantasiazko Festibal ezagunean. Gaueko bederatziak baino zertxobait lehenago abiatu zen proiekzioa, eta pelikularen zuzendariaren eta antzezleez gain, Iaiaiai irrintzi taldeko partaideak ere bertan izan ziren.
Ordubete eta erdiz XVII. mendeko Euskal Herriko mendi eta basoetan murgilduta egon ostean, txalo-zaparrada luzeak hartu zuen zinema aretoa, kredituen zerrenda pantailan agertzen zen bitartean. Une hori baliatu zuten aiaraldearrek filmaren lantaldeari haien berotasuna irrintzika transmititzeko, eta aitortu dute oso momentu hunkigarria izan zela haien izenak pantailan ikusi zituztenean.
Bereziki pozik eta harro agertu da Nerea Iglesias taldeko zuzendaria, elkarte txiki eta, azken finean, lagun talde bat den proiektu horren lana Gaua filman islatuta ikustean.
"Ez genekien pelikulan zenbat agertuko zen, eta oso emozionantea izan da lan hori pantaila handian ikustea, eta ez momentu bakar batean, baizik eta film osoan zehar"
Uztaileko arratsalde sargori batean egin zuten grabaketa, Bilboko El Tigre estudioan. Paul Urkijo zuzendariarekin ez ezik, Maite Arroitajauregi 'Mursego', Aran Calleja eta Ibon RG musikariekin ere aritu ziren elkarlanean. “Lan hori oso polita izan zen eta oso aberasgarria guretzako. Ez genekien pelikulan zenbat agertuko zen, eta oso emozionantea izan da pantaila handian ikustea, eta ez momentu bakarrean, baizik eta film osoan”, azaldu du Gemma Corbella irrintzilariak.
Erroetara bueltatzeko modu bat. Horrela deskribatu du Ander Martinez orozkoarrak Urkijoren pelikulan parte hartu izana. Izan ere, azaldu duenez, irrintziari ikuspuntu berritzaileagoetatik begiratu izan diote orain arte, eta Gaua-n “kulturarekin, arbasoen istorioekin, mitologiarekin eta lurrarekin” konektatu ahal izan dute irrintziaren bitartez.
Gaua, azaroaren 14an zinema aretoetan
Errementari eta Irati pelikula arrakastatsuen ostean, Paul Urkijo zinemagilearen hirugarren filma da Gaua. XVII. mendeko Euskal Herriko mendi inguruetan girotuta, Kattalinen istorioa ezagutuko dugu bertan, bere senarrarengandik ihesi dabilen gaztearena, alegia. Ihesaldi horretan, ibaiertzean arropa garbitzen eta beldurrezko istorioak kontatzen dabiltzan hiru emakumerekin egingo du topo.
Testuinguru hori baliatu du Urkijok tokiko kondairak pantailara eramateko, eta haien askatasunaren alde borrokatzeagatik Inkisizioak epaitu eta kondenatu zituen emakumeen istorioak transmititzeko. Azaroaren 14tik aurrera egongo da ikus-entzunezkoa zinema aretoetan.