Apustu handia egin dugu Aiaraldea Komunikabidetik aurten podcasten esparruan. Azalera eta Hurrengo geltokia saioak ekoizteari ekin diogu hedabideko lan-taldeko kideen artean, baina ez gara horretara mugatu. Eskualdeko beste pertsona batzuei ere luzatu diegu mikroaren aurrean jarri eta euren saio propioak ekoizteko aukera. Modu horretan sortu zen udaberrian Bazter Itxia umore saioa, Laudioko gazte batzuen eskutik.
Baina urrats bat gehiago eman nahi dugu orain. Jakin badakigu eskualdeko beste txoko batzuetan ere badaudela euren podcast propioa sortzeko grina izan dezaketen gazte gehiago. Horiei guztiei luzatzen diegu mezua: eman urratsa, animatu zuen proiektua aurrera ateratzera, euskaratik eta euskaraz. Horietako bat bazara bidali zure proposamena 688 84 81 52 telefonora edo erredakzioa@aiaraldea.eus helbidera, eta zurekin jarriko gara harremanetan.
Ate irekiak azaroan zehar
Dena den, oraindik argi ez badugu, edo probatu nahi baduzu, gorde data hauek: azaroak 10, 17 eta 24. Ate irekien jardunaldiak antolatu ditugu egun horietarako Laudioko Faktoria espazioan, 19:00etan, Kokoriko Hezkuntza Faktoriarekin elkarlanean eta Arabako Foru Aldundiaren babesarekin. Podcast baten ekoizpena zuzenean ikusteko aukera izango duzue bertan, eta baita zalantza eta duda guztiak argitzeko ere. Ate ireki horietan parte hartzeko, jarraitu bide bera: idatzi WhatsApp bidez 688 84 81 52 telefonora edo erredakzioa@aiaraldea.eus helbidera.
