Pedagogoa, psikologoa, irakaslea, idazlea eta hezkuntza emozionaleko erreferentea da Mar Romera. Granadatik Aiaraldera etorriko da asteburuan, eskualdeko hezkuntza publikoko komunitateak gonbidatuta, eta goiz osoko trebakuntza saioa eskainiko du larunbatean Amurrio antzokian, 9:30etatik 14:00etara.
Antolatzaileek nabarmendu dutenez, Romerak "berrogei urtetik gorako esperientzia" du eta "hezkuntzaren eta osasun emozionalaren arloan figura gailena eta erreferente ezinbestekoa da Espainian".
Larunbateko formazioaren bidez, kudeaketa emozionala hezkuntza eraldaketaren oinarri gisa erabiltzen ikasi nahi dute. Ondorengo helburuak ezarri dizkiote ekimenari: emozioak kudeatzeko baliabide praktikoak eskuratzea, eskolaren eta familien arteko lotura indartzea, "ongizatea, enpatia eta erresilentzia" sustatzea eta Aiaraldean hezkuntza-eraldaketa bultzatzea.
Goiz osoko formazioa eskainiko du Romerak larunbatean, eta izen ematea doakoa da.
Hezkuntza komunitateko kideek azaldu dutenez, proposatutako formazioak "premia kritiko bati" erantzuten dio: "hezkuntza komunitatearen osasun emozionala zaintzea eta sustatzea". Aldarrikatu dute hezkuntza ez dela soilik "ezagutza akademikoak eskuratzea", baizik eta "pertsona osoak garatzea, emozioak kudeatzeko, positiboki harremantzeko eta XXI. mendeko erronkei aurre egiteko gai direnak".
Izen ematea, doan
Antolatzaileek nabarmendu dutenez, formaziorako izen ematea doakoa izango da eta hemen egin daiteke. Aiarako Kuadrillak babesten du ekimena, eta Amurrioko Udalak ere eskaini du laguntza, antzokia lagatuta.