Kultur sorkuntza Aiaraldean

“Zeramikaren dimentsioa gehituko diot Balintxari, orain arte hemen gertatu den guztia albo batera utzi gabe”

Aimar Gutierrez Bidarte 2025eko urriaren 28a

Balintxa jatetxea izandakoan proiektu berria abiatu du Aitziber Duartek. / Aiaraldea.eus

Balintxa jatetxean hazi eta hezi da AITZIBER DUARTE (Laudio, 1996). Zeramika eta natura ardatz, sorkuntza artistikorako espazioa sortzeko lanean dabil familiaren baserrian.

Ez dugu ausazko tokia aukeratu elkarrizketa egiteko.

Balintxan gaude. Orain arte nire gurasoen Balintxarreketa jatetxea izan den tokian. Familiaren baserria ere bada. Gaur egun zeramikarako, eta, oro har, sorkuntzarako espazio bilakatzeko bidean dago.

Familian kontatu didatenagatik, nire birraitona eta birramona hemen bizi ziren alokairuan. Nire aiton-amonek, gerora, baserria erostea erabaki zuten. Hemen bizi izan da nire familia gaurdaino, denak batera: aitite, amama, osaba, ama…
Gaur egun jatetxea dena baserriko txoko gisa erabiltzeko eraiki zuten. Aitite eta amamak zazpi seme-alaba izan zituzten eta familia guztia batzeko espazioa nahi zuten. Bertan egindako bazkari edo afariren batean jarri zen mahaigainean jatetxea irekitzearen ideia. Ostalaritzan ibilitakoa zen osaba batek eta nire gurasoek ekin zioten negozioari. Denbora batera osabak alde batera egin zuen eta nire gurasoek hartu zuten jatetxearen gaineko ardura guztia.

Familiarentzako leku berezia da Balintxa orduan, bizi-tokia aspektu guztietan.

Erabat. Hau da familiaren elkargunea.

Gurasoek erretiroa hartu dute berriki, eta zuk bizitza berri bat eman diozu jatetxea zenari.

Aspalditik neukan ideia bueltaka buruan. Amesten jartzerakoan dituzun burutazio horietako bat zen sorkuntzarako eta artea egiteko espazioa sortzea baserrian.

Duela urtebete nire ordura arteko lana kolokan ikusi nuen. Ez nuen bizitza osoa eman nahi ere zeramika-irakasle lanetan. Apostu bat egiteko beharra sentitu nuen, nire espazio eta proiektu pertsonala sortzeko. Gurasoekin komentatu nuen ideia.

Nola jaso zuten gurasoek proposamena?

Pozik. Bazen etxean askotan azaleratutako kezka. Zer gertatuko da jatetxea ixterakoan? Hartuko du negozioa etxekoa ez den norbaitek? Orain badakite etxeko batek zainduko duela espazioa. Eta jakin badakite ere mimo bereziarekin tratatuko dudala baserria eta honen ondarea. Pozik beraz alde horretatik.

Zuk lehendik ere zeramika tailerra baserrian izan duzu. Balintxa mugarria izan da aurretik zure ibilbide artistikoan.

Nik orain arte tailertxo bat izan dut, nire aititerena zen tailer zaharrean. Ez da aparteko espazioa izan: mahai luze bat eta apal gutxi batzuk. Espazio berezia da hori niretzako, jakinik aititek nire aurretik bertan egin zuela lan. Orain jauzi handia egitera noa; gela ilun eta txiki horretatik espazio guztiz berri batera.

Aldaketaz ari garela, jatetxearen eraldaketa lanak zure gain hartu dituzu. Nolakoa izaten ari da Balintxarreketako jantokia sorkuntzarako espazioa bilakatzeko prozesua?

Hasieratik argi neukan mantendu nahi nuela espazioaren izaera. Baina legediak hainbat kontu aldatzea eskatzen du espazioaren jarduera berria martxan jarri aurretik: irisgarritasuna, argiteria… Orain arte kontu burokratikoetan aritu naiz buru-belarri: obra baimenak, dirulaguntzak… Aldi berean jatetxeko gauza guztiak atera ditugu ere: mahaiak, aulkiak, baxera… Espazioa txukundu eta proiektuaren beharretara egokitutako distribuzioa eman diot urte luzez jatetxeko jantokia izandakoari.

Hasi naiz espazioa zeramika tailer bezala erabiltzen ere, eta horrek aukera eman dit espazioaren behar berriak identifikatzeko, erabilera ahalik eta praktikoen egiteko asmoarekin. Dena den, ez dut egundoko aldaketa egin, aurretik jatetxea ezagutzen zuenak identifikatuko du jantokia oraindik ere.

Nola banatu duzu espazioa eta zer helbururekin?

Bi espazio nagusi daude, lehengo bi jantokiak zirenak. Orain arte jantoki txikia izandakoan nire estudio pertsonala atonduko dut. Nire sorkuntza guztiak espazio bakar batean biltzeko. Jantoki handia zegoen tokian, aldiz, erabilera anitzeko espazioa irudikatu nahi dut. Izan zeramika tailer bat egiteko edota beste inork proposatzen duen bestelako erakusketa artistiko baterako.

Espazio ireki bat, beraz, arte diziplina orori irekia.

Hori da. Nik zeramikaren inguruan jarraituko du lan egiten. Azken finean hori da nik etorkizunean jorratu nahi dudan ogibidea. Baina uste dut zeramika diziplina artistiko askorekin elkartu daitekeela.

Halaber, ni oso eskertua sentitu naiz beti baserri honetan bizitzeagatik, eta oso eskertua sentitzen naiz orain hemen lan egiteko aukera izateagatik. Nahiko nuke hori artista gehiagorekin konpartitu. Ulertzen dut badaudela sortzaileak ez daukatenak lan egiteko espaziorik, edota proiektu desberdinak aurrera ateratzeko tokirik. Aitzakia horrekin, sortzaile eta eragileei zabaldu nahi dizkiet espazioko ateak.

Pentsatu duzu nola egin zubi-lan hori gainerako artistekin?

Fase desberdinetan banatu dut espazioaren garapena. Lehen aipatutako burokrazia lan horren barruan bazegoen enpresa-plan bat osatzeko beharra, eta bertan definitu ditut jarraitu beharreko urratsak, hiru fasetan banatuta.
Lehenengo urtea nire burua espazioan kokatzeko baliatu nahi dut. Espazioan eroso sentitu eta behar desberdinak identifikatzeko. Tarte horretan ere ez dizkiot ateak itxi nahi kolaborazioak egitearen aukerari, baina beti ere helburua nire burua kokatzeadela ulertuta. 

“Uste dut zeramika diziplina artistiko askorekin elkartu daitekeela [...] Nahi diot tokia utzi pinturari, dantzari...”

Bigarren fasean modu aktiboan bilatuko nituzke espaziora hurbildu daitezkeen beste pertsona batzuk. Ametsa da, baina gustatuko litzaidake sorkuntza eta kulturari buruzko jardunaldiak antolatzea ere. Esan bezala ez dut espazioa zeramikara mugatu nahi. Nahi diot tokia utzi pinturari, dantzari, argazkilaritzari...

Hirugarren eta azken fasean espazioaren eta natur-ingurunearen arteko loturan nahiko nuke sakondu. Baserriak naturarekin izan duen harremana eta historia balioan jarri nahi ditut. Nire aititek ortu oso handia zeukan baserriko soroan, eta horri esker jaten zuten familiako guztiek etxean. Jasotako barazkiak azoketan saltzeko ohitura zuen ere. Nik legatu horri heldu nahi diot, eta espazio artistikoa ortuarekin eta laborantzarekin uztartu. Baita naturaren eta landa-eremuaren garrantzia azpimarratu ere. Baditut ideia batzuk buruan; hala nola, gustatuko litzaidake ortu bat atontzea. Ingurumen-heziketan ere sakondu nahiko nuke, espaziora bertaratzen den jendea naturarekin interakzioan jarriz. Hemen baditugu fruta-arbola ugari, horri guztiari balioa eman nahi diot ere. Horrek aukerak zabalduko lituzke, sortzaileekin ez ezik, biologoekin edota beste diziplina batzuekin elkarlanean aritzeko. Buztinak, badu naturarekin harreman oso estua, ibilbide oparoa aurreikusten diot espazioan sor daitekeenari.

Espazioaz asko hitz egin dugu, baina badu izenik gaur-gaurkoz?

Zalantza asko sortu zaizkit horren inguruan (barreak). Nik badaukat nire marka pertsonala: Harrika. Baina, lehen aipatu bezala, baserriaren izaera eta tradizioa mantendu nahi horretan, gustatuko litzaidake proiektu berriak ere baserriaren izena mantentzea: Balintxa. 

Balintxa Zeramika eta Sorkuntza Tailerra da buruan dudan aukeretako bat. Momentuz proposamen hutsa da eta zalantzatan nabil oraindik. Baina argi dut bereizi nahi ditudala Balintxa, espazioa bera, eta Harrika, nire sorkuntza propioa.

“Balintxa Zeramika eta Sorkuntza Tailerra da izenerako buruan dudan aukeretako bat. Momentuz proposamen hutsa da”

Noizko aurreikusten duzu espazioaren ateak zabaltzea? Eta nola irudikatzen duzu une hori?

Nigatik ja. Baina kontu legalak tarteko, lan asko dago egiteke oraindik. Irisgarritasuna bermatzeko lanak amaitzerakoan aktibitate baimena jasoko dut, eta orduan bai izango dut publikoari zabaltzeko aukera. Espero dut datorren urte hasierarako izatea.

Hori gertatzen denean inaugurazio bat antolatu behar dudala esan didate; bai ala bai. Ordurako tailer gutxi batzuk eskaini ahal izatea ideala litzake. Nire sorkuntza piezekin denda txiki bat atonduko dut ere, eta nahi duen oro bertaratu ahalko da piezak ikusi eta erosteko. Instagram izan da nire erakusleiho bakarra, orain piezak aurrez aurre ikusteko aukera egongo da ere.

Espazioa alde batera utzita, aipatu duzu zeramika zure ogibide bilakatu nahi duzula. Zer nolako ibilbidea egin duzu orain arte diziplina honetan?

Nik Arte Ederrak ikasi nituen, Sorkuntza eta Diseinuko gradua. Diseinu grafikotik jo nahi nuen. Edonola ere zeramikak betidanik deitu du nire arreta, eta probatzea erabaki nuen. Probatu bezain pronto maitemindu nintzen zeramikarekin. Diseinu grafikoa eta kontu digital guztiak alde batera utzi, eta buru-belarri jarri nintzen zeramikarekin.

Ordutik praktika eta ikastaro asko egin ditut. Ikastaro guztien artean politena eta aberasgarriena Ollerias museoan (Euskal Buztingintzaren Museoa) Blanca Gomezekin egindako torno ikastaroa izan zen. Praktika laburrak izan ziren baina oso biziak. Gainera, aukera izan nuen Blanca ezagutzeko. Berak transmititu zidan zeramikaren tradizioa mantentzeko eta zaintzeko sugarra.

Tailerra atondu nuen etxean, kurtso gehiagorekin uztartu dut nire sorkuntza lana. Hiru urtez jarraian Bartzelonan izan naiz esmalteei buruzko ikastaroak egiten. La Bisbal zeramika eskolan izan naiz ere. Uste dut zeramikagile baten formakuntzak ez duela etenik. Oso mundu zabala da. Gainera teknologia berriek geroz eta aukera handiagoak eskaintzen dituzte uneoro. Beti dago ikasteko zerbait. Denbora honetan guztian nire zeramikaren estiloa aurkitu dut: naturan oso inspiratutakoa, diseinu organikoekin, ehundura anitzekoa…

Artearen eta artisautzaren arteko mugan, non kokatzen duzu zure burua?

Kontraesanen artean aritzen naiz. Uste dut bizi dudan momentuak eraginda, hein handi batean. Akaso hemendik bi urtera oso argi izango dut artisautza dela jorratu nahi dudana, edo guztiz kontrakoa. Gaur egun, egia da arreta deitzen didala zeramikaren aspektu eskultorikoak. 

Nik ulertzen dudan eran, artisautza ez da soilik eskuekin egindako lana. Bada baita ere tradizioa eta jakintza bizirik mantentzea, prozesu industrialetatik kanpo dagoen zerbait.

Zeramikagileen belaunaldi berriaren parte zaren heinean, sentitzen duzu ardurarik ezagutza hori guztia transmititzerako orduan?

Ardura ez nuke esango. Nire gain pozik hartuko nukeen zerbait da. Zeramikan pilatutako jakintza beste pertsona bati transmititzea polita dela deritzot. Ez nuke nahi katea etetea.

Amarekin antzeko zerbait gertatzen zait. Urteak pasa ditu Balintxako sukaldean; bertan sorturiko errezetak egindako froga guztiak… galdu egingo dira. Uste dut ezinbestekoa dela belaunaldien arteko transmisioa bermatzea, alor guztietan.

Balintxa zure proiektuaren epizentro bilakatzeak badu belaunaldien arteko transmisioa bizirik mantentzetik zerbait, ezta?

Guztiz. Orain dirulaguntzetan murgilduta egon naizela galdetu egin didate ea enpresa planak belaunaldien arteko esku aldaketa bati erantzuten dion. Nola ulertzen da belaunaldien arteko eskualdatze hori? Niretzako hau bada, erabat. Aititek urte luzez landu du lurra, zaindu du baserria. Gurasoek jatetxea sortu zuten hemen, baserriko ateak gastronomiari zabalduz. Orain dimentsio berri bat gehituko diot Balintxak orain arte egindako ibilbideari. Mantenduko dira lurra, gastronomia…

Transmisio familiarra da proiektuaren ardatzetako bat.

Galdetu egin didate ea zergatik garatu behar dudan proiektua hemen. Zergatik ez dudan beste leku batean egiten. Niretzat galdera hori absurdoa da. Beste edozein tokitan proiektu honek ez luke zentzurik izango. Espazio honek balio sinboliko oso potentea dauka. Zeramikaren faktorea gehituko diot baserriari, baina ez dut alboratu nahi urte hauetan guztietan Balintxan geratu den guztia.

“Ondo aterako da, nik ondo ateratzea nahi dudalako, espazioa nire bizitzaren parte delako”

Horregatik mantendu nahi dut baserriaren izena. Horregatik lotu nahi dut proiektua naturarekin, eta sukaldaritza uztartu ere, nolabait.

Batek baino gehiagok bota dit: ea ondo ateratzen den! Ondo aterako da, nik ondo ateratzea nahi dudalako, espazioa nire bizitzaren parte delako.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide