Agerraldia egin du gaur goizean Ramiro Gonzalez Arabako Ahaldun Nagusiak, foru gobernuak Laudion dituen bulegoetan. Maderas de Llodioko langileek erakundeen inplikazioa eskatzeko okupatutako toki berdina baliatu du Gonzalezek Industria Garatzeko mahaiaren sorrera iragartzeko; "Aiaraldearen etorkizuna bermatzeko" Ahaldun Nagusiaren hitzetan.
Hain zuzen ere, eskualdearen etorkizun ekonomikoaren inguruan herritarrek dituzten kezken jakitun dela aitortu du Ramiro Gonzalezek, eta bailaren pesimismoa nagusi dela dio: "Aiaraldean sumatzen dugun sentsazioa da ibarraren etorkizun industrialari buruzko ezkortasuna ezarri dela".
2021eko Tubacexeko grebaz geroztik Aiaraldeko sektore industrialak albiste txarrak "kateatu" dituela adierazi du Ramiro Gonzalezek. Besteak beste, Valvospain, Guardian eta Galvistaren itxierak, Tubos Reunidoseko enplegua aldi-baterako erregulatzeko espedienteak edota Maderas de Llodioko kaleratzeak ekarri ditu gogora diputatu nagusiak bere hitzartzean; eta aitortu du Aiaraldeak "lehiakortasun industriala galdu duela".
Halaber, oraindik ere "garaiz" dela adierazi du Ramiro Gonzalezek, azken urteetan albiste positiboak ere gertatu direla aldarrikatuz. Horren adibide jarri ditu Murgako SteelPaths fabrikaren inauguruazioa, Vidralak Laudioko lantegian egindako 75 milioi euroko inbertsioa edota Envases enpresaren emaitza ekonomiko positiboak.
"Akordio zabala"
Eskualdeak bizi duen egoera iraultzeko asmoz "indarrak batu eta Aiaraldeko etorkizunaren aldeko akordio zabala erdiestea proposatu ditu Ramiro Gonzalezek Laudion egindako agerraldian. Horretarako, Industria Garatzeko Mahaia bultzatuko du Arabako Foru Aldundiak, eragile desberdinen parte hartzearekin.
Aiaraldearen inguruan "mezu berri bat" sortzeko beharra aldarrikatu du diputatu nagusiak: "Aiaraldeak iragana, oraina eta etorkizun industriala ditu". Aldundiaren nahia da Aiaraldea Arabako zein Euskal Autonomia Erkidegoko industriaren motorra izatea, eta hori erdiesteko "elkarrekin eta aurreiritzirik gabe" lan egiteko beharra azpimarratu du Gonzalezek: "Alferrik dira ahalegin indibidualak edo indibidualistak. Aiaraldea beste eskualde batzuen aldean lehiakorra izateko modu bakarra proiektu industrialak hartzeko eta errotzeko ahalegin partekatua egitea da".
Lehenengo bilera azaroaren 26an
Dagoeneko data jarri diote mahai berriaren lehenengo bilerari. Azaroaren 26an egingo dute, Arabako Foru Aldundiak gidatuta eta Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Jasangarritasun Sailak koordinatuta. Ramiro Gonzalezek iragarri du honezkero luzatu dietela bileran parte hartzeko deialdia tokiko erakunde publikoei, enpresei, sindikatuei edota eskualdeko eragile sozialei. Bertan Aiaraldeko egoera industrialaren diagnosi partekatua osatuko dute, baita lehiakortasuna bultzatzeko proposamen zehatzak definitu ere.
Mahairen sorrera eskualdea bultzatzeko estrategia zabalago baten barruan kokatu du Ramiro Gonzalezek. Ahaldun Nagusiaren hitzetan inoizko inbertsiorik handienak egin dira azken urteetan eskualdean, hala nola, azpiegituretan, kultur ekipamenduetan, gizarte zerbitzuetan edota industrialdeen modernizazioan.