Ordu gutxi behar izan zituen atzo LAB sindikatuak oharra zabaltzeko eta salatzeko Ramiro Gonzalez Ahaldun Nagusi arabarra ez dela berarekin harremanetan jarri "akordio zabala" lortzeko Aiaraldeko etorkizun industrialaren esparruan. Bide batez, Aiaraldea Komunikabideak ELAri galdetu dio eta erakunde horrek ez du jakinarazpen ofizialik izan.
Izan ere, atzo goizean prentsaurrea egin zuen agerraldia Gonzalezek eta horretan ziurtatu zuen Arabako Foru Aldundiak eskualdeko ehun industriala suspertzeko lidergoa hartuko zuela eta jadanik eragile garrantzitsuak gonbidatuta zeudela azaroaren 26an egingo den bileran parte hartzeko.
Handik gutxira LAB sindikatuak oharra bidali zuen kontrakoa adierazteko. "Komunikabideen bidez jakin dugunez, lehen bilerarako data bat ere ezarrita dago, baina LABek ez du jaso inolako jakinarazpen ofizialik, ezta mahai horretan parte hartzeko gonbidapen formalik ere", ziurtatu du erakundeak.
Sindikatuaren aburuz, "onartezina da teorian parte hartzailea eta irekia izan nahi duen prozesu bat hastea, hain zuzen ere, eskualdearen egoera industriala salatzen eta gatazka bakoitzean enplegua defendatzen urteak daramatzagunak baztertuz".
Prozesuaren zintzotasuna "zalantzan"
Gertakari horrek mesfindantza sortu du sindikatuan, eta bere iritziz: "Beharrezkotzat jotzen dugu eskualdeko mahai bat sortzea, Aiaraldeko eragile sozial, ekonomiko eta instituzionalak bilduko dituena. Gure ustez, eskualdeko etorkizun industriala modu kolektiboan definitu behar da, langileen, sindikatuen, enpresen, udalerrien eta erakundeen benetako parte hartzearekin. Horregatik, mahai hori sortzea albiste ona izan liteke, betiere gardentasunez, parte hartuz eta benetako helburuekin egiten bada. Hala ere, iragartzeko moduak mesfidantza eta prozesuaren zintzotasuna zalantzan jartzen ditu".
"Erakundeen utzikeria"
Bere oharra baliatu du LABek azpimarratzeko Aiaraldean gertatu diren gatazketan -azkena Maderas de Llodion- erakunde publikoek ez dutela, bere aburuz, arduraz jokatu eta bizkarra eman dietela: "Legebiltzarreko ponentzia batetik abiatuta, Aiaraldea ekonomikoki suspertzeko saiakera bat egon dela, eskualdeko plan estrategiko batekin eta berehala jarduteko plan batekin. Zoritxarrez, udalaz gaindiko eskaeren utzikeriaren ondorioz, plan horiek ez dira garatu, eta ez dira behar beste hornitu Aiaraldeko egoera sozioekonomikoa lehengoratzeko".
Gauzak horrela, zenbait baldintza bete behar dira Arabako Foru Aldundiaren iragarpena onuragarria izan dadin eta honakoa exijitu du LABek:
- Benetako lan-mahai bat izatea, ez argazkirako edo aldez aurretik erabakitako kontakizun instituzional bat inposatzeko espazio bat.
- Aiaraldeko industria-egoeraren diagnostikoa batera egitea, eskualdean bizi eta lan egiten duten eragile guztien ikuspegia eta esperientzia txertatuz.
- Hartu beharreko neurriak talde-lanaren eta akordio partekatuen emaitza izatea, eta ez Foru Gobernuaren edo Eusko Jaurlaritzaren aldebakarreko erabakien emaitza.
- Enpresa-batzordeen eta ordezkaritza-sindikatuen parte-hartze eraginkorra bermatzea, entzule gisa ez ezik, industria- eta enplegu-politiken definizioan ere parte aktibo gisa.
- Hartzen diren erabakiek lurraldean eragin zehatza izateko adinako benetako konpromisoa eta aurrekontu-zuzkidura ziurtatzea.
- Eta batez ere, langile guztien enplegu eskubidea bermatuta izatea.