Aiaraldeko Kuadrillako Berdintasun Topaketak egin zituzten larunbatean Okondoko Kultura Etxean eta herritar asko bertaratu ziren egitarauan parte hartzeko. Jardunaldia erakundeen -Arabako Foru Aldundiaren, Kuadrillaren eta Udalaren- agurrarekin abiatu zuten.
Gero tokiko artistek eta sortzaileek hartu zuten hitza. Raisa Alava ilustratzaileak, Bambi performance egileak, Izaskun Alonso Saratxaga EHUko irakasleak eta margolariak, Enkarna Delgado antzezleak eta Kaitin Allende Zaldunbide umoregileak eta kazetariak zenbait gairi buruz eztabaidatu zuten.
Besteak beste, artearen eta sorkuntzaren gaitasun eraldatzailea izan zuten hizpide, eta landa eremuan agertzen diren zailtasunak ere aipatu zituzten; emakumeentzako erreferente falta, tokiak elkarlana eta harremanak saretzeko...
Jarraian, eskualdeko artisten erakusketa izan zuten ikusgai eta Paula Urkijo dantzari garaikide laudioarrak pieza bat antzeztu zuen.
Amaitzeko, hizlariak zein publikoa batu ziren eta euren hausnarketak partekatu zituzten modu informalean. Guztira, 50 emakume eta bi gizon elkartu ziren Okondon.
Argazkiak: Aiaraldeko Kuadrillako Berdintasun Zerbitzua