ELAk salatu du Alavabuseko tiketen erreserba sistemak ez duela ondo funtzionatzen eta gidariek jasan behar dutela bidaiaren amorrua

Aitor Aspuru Saez 2025eko urriaren 29a

ELAk salatu du erreserbak egiteko sistema ez dela operatiboa eta gidariek pairatzen dituztela ondorioak. / Aiaraldea.eus

Sindikatuak azaldu du gidarien kontrako erasoak gertatzen ari direla, bidaiariak lekurik gabe geratzen direlako, nahiz eta erreserba egin aurretik.

ELA sindikatuak oharra zabaldu du salatzeko Alavabus zerbitzuko gidariek aurre egin behar dietela bidaiarien erasoei, bai ahozkoak zein fisikoak. Egoera horren iturria da tiketen erreserba egiteko sistema "guztiz zaharkituta" dagoela. Ondorioz, bezero askok, bidaia aurretik ordaindu arren, gero ezin dute egin, autobusak beteta baitaude.

Arriaga, La Unión eta Líneas Regulares enpresetako 80 langile baino gehiago (Arabako 16 zerbitzutako operadoreak) dira egoera horretan daudenak eta sindikatuak azpimarratu du eurak direla aurpegia eman behar dutenak bidaiarien amorrua azaleratzen denean.

Halaber, ELAk nabarmendu du garraio publikoa erabiltzea oinarrizko eskubidea dela eta egun urratzen ari dela Araban, ezin baita aukera bermatu erreserbak egiteko operatiboa ez den sistemarekin.

Gauzak horrela, sindikatuak premiazko neurriak exijitu ditu, Aldundiak ez baitu berehalako esku hartzerik aurreikusi. "Arabako Foru Aldundiko Garraio Zuzendaritzarekin egindako bileretan egoera jarri da mahai gainean, baina ez zaigu epe laburrean inolako konponbiderik eskaini. Are gehiago, ez zaigu bileraren aktarik helarazi, gardentasuna eta beharrezko elkarrizketa zailduz. Enpresek ere ez dute inolako neurri eraginkorrik hartu egoerari aurre egiteko".

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide