Abian dago Aiaraldeko bideo-kopla lehiaketaren lehen edizioa. Arabako Bertsozale Elkarteak eta Aiaraldea Komunikabideak antolatu dute ekimena, Arabako ALEAarekin eta Amurrioko Udalarekin elkarlanean. Bideo-kopla lehiaketa hainbat urtez antolatu da Araban, baina aurten berezko lehiaketa eta sari banaketa izango ditu ekimenak eskualdean.
Lehiaketa honen bidez, Aiaraldeko bertsolari gazteek (14 urte artekoek) aukera izango dute euren sormena trebatzeko. Talde bakoitzak hiru eta sei kopla artean osatu beharko ditu, eta bideo batean abestu beharko ditu, ondorengo gaia ardatz hartuta: "Gure herriko xelebrekeriak".
Azaroaren 21a izango da lehiaketan parte hartzeko azken eguna. Formulario honen bidez bidali daitezke bideoak.
Sari banaketa jaia, Amurrio Antzokian
Sari banaketa ekitaldia abenduaren 4an izango da, 18:00etan Amurrio Antzokian. Bertan emango da aurtengo irabazleen berri, jai-giroan.
