Gaur agortuko da epea Gaztea Maketa Lehiaketan bozka eman eta finalistak hautatzeko. Hemen eman daiteke boza, eta baita hautagaiak ezagutu eta entzun ere. Tokiko musikazaleek jakin behar dute Aiaraldeko hiru talde ari direla ekimenean parte hartzen: Barrrk, NØT eta Deriba, hain zuzen.
Barrrk post-punk doinuen barruan mugitzen da. Deriba amurrioarrek eta urduñarrek osatutako banda da eta rocka jorratzen du, punk edota metala alboratu gabe. NØT taldeko hiru kide laudioarrek, amurrioarrek eta urduñarrek, aldiz, rockaren bidea hartu dute.
Bozketa fasean babes gehien jasotzen duen proiektuak eta epaimahaiak aukeratutako beste hiru finalistak oholtza gainean lehiatuko dira azaroaren 20an, Gasteizko Jimmy Jazz aretoan.
Jimmy Jazzeko zuzenekoetan ikuskizunik onena eskaintzen duen finalistak eramango du sari potoloa. Epaimahaikideek hautatutako final handiko irabazleak 5.000 euro eta Bilbao BBK Liven jotzeko aukera eskuratuko ditu. Webgunean bozketa bidez aukeratutako finalistak, aldiz, Entzuleen Saria eramango du: 2.500 euro.
Azkenik, Harrobia Sariak talentu gazte bat sarituko du, Oso Polita diskoetxearekin lau kantako EP bat grabatzeko aukera emanda.