Igande goizean egingo dituzte hauteskundeak Administrazio Batzar arabarretan. Lurralde historikoan 30.000 herritar daude deituak hitzordura eta Aiaraldean 24 kontzejuk prestatuko dituzte hautestontziak Aiarako udalerrian eta beste hamarrek Amurrion.
Arabako Foru Aldundiak gogoratu du erakunde hauek, herritarretik gertuen daudenak, alegia, eskumen garrantzitsuak dituztela, landa-bideak, mendiak, iturriak, baso-ondarea eta beste ondasun publiko batzuk kudeatzeko, esaterako.
Zerrendarik ezean, herritar guztiak hautagai
Momentuz, kontzeju guztietan ez dira herritarrak animatu zerrendak osatzera eta hautagaitzak aurkeztera. Horrek esan nahi du kasu horietan erroldatutako bizilagun oro bilakatuko dela hautagai kontzejuen ordezkari bihurtzeko.
Emakumeak erabakitze esparruetara
Arabako Foru Aldundiak zein tokiko erakundeek sustatu nahi izan dute emakumezkoek modu aktiboan parte hartzea erabakitze esparru horietan. Izan ere, aurreko hauteskundetan ordezkarien %40 izan ziren emakumezkoak eta soilik %24 izan ziren kontzejuetako lehendakari.
Atzerago begira jarriz gero, 2017ko hauteskundeetan administrazio batzarren %45,7ak ez zuen emakumezko ordezkaririk izan. Gainera, 48 kontzejuk ez dute inoiz emakumerik izan ardura karguetan, eta tokiko erakunde horien %54,28ak ez du inoiz hautatu andrerik presidente gisa.
Gauzak horrela, Perez Bolinaga diputatuak adierazi du #ZureHerriaZureAhotsa lemarekin bultzatu nahi dutela hautagai zerrenda, bereziki emakumezkoen artean. Aiarako Udalak ere antzeko mezua zabaldu zuen urrian emakumeek zerrendetan izena eman dezaten.