Azken asteotan eskualdeko zenbait herritan (Laudion, Amurrion, Urduñan eta Aiaran, gehienbat) zabaldu da herritarren arteko kezka lapurreten ondorioz. Ertzaintza horren jakitun da?
Alfonso Martinez: Bai. Batez ere abuztutik aurrera ikusi dugu autoen barruko eta etxe barruko lapurretak igo direla, Amurrion, Laudion eta Urduñan gehienbat. Hori da sumatu duguna.
Urtearen beste une batzuetan nabaritu duzue igoerarik?
A.M.: Bai, Urduñan, adibidez, apirilean edo maiatzean ikusi genuen auto barruko lapurretak igo zirela eta horren kontra jo dugu. Hilabete batzuetan igo da, gero jaitsi... Orain ziklo batean gaude.
Zikloa aipatu duzu. 2018an edota 2019an ere egon ziren horrelako zikloak. Hau antzekoa da?
A.M.: Ni urte horietan ez nintzen Laudioko Ertzain Etxeko burua; baina, beste lekuetan bezala, horrela gertatzen da eta horrela lan egiten dugu. Askotan talde kriminalak dira, sartzen dira leku batean, lapurretak egiten dituzte, etxeen barruan nagusiki, eta joaten dira. Beste kasu batzuetan ez da horrela. Hemen Bilbo inguruko eragina nabaritzen da. Askotan ikusi dugu jendea etortzen dela Bilbo Handiko inguruetatik lapurretak egiteko eta gero joaten direla. Hori aintzat hartzen dugu.
Aurreko ziklo horiek gainditu dira. Nola egiten ari zaio aurre oraingo honi? Beste tresna batzuekin?
A.M.: Ertzaintza osoak egiten duen azterketa hartzen dugu kontuan. Ikusten dugu nola egiten duten lan beste mugapetan eta zer nolako arazoak etortzen diren zonalde horietatik. Beste mugapetako egoerek hemen ere isla daukate. Eta, nola ez, egunerokoan aztertzen dugu zer gertatzen ari den hemen horri aurre egiteko.
Udalek adierazi dute zuekin elkarlanean ari direla. Zertan datza elkarlan hori?
A.M.: Normalean Udaltzaingoekin hitz egiten dugu. Batez ere, Amurrioko eta Laudioko Udaltzaingoekin. Eurekin uztartzen ditugu informazioak eta koordinatzen dugu gure lana. Lan egiterakoan kontuan hartzen dugu zenbat ertzain ari diren lanean une horretan eta zer egin dezakegun erakundeen artean.
"Fake news-ekin eta informazio faltsuekin adi egon beharra dago. Guk ikusten ditugu sare sozialetan agertzen diren mezuak eta gehienetan informazioa ez da zehatza eta askotan faltsua da. Horrek eragin handia dauka gure eta herritarren pertzepzioan"
Gizartearen pertzepzioa eta egoera maiz ezberdinak dira. Aiaraldea leku segurua da?
A.M.: Bai, noski eta hala adierazten dute gure kriminalitate tasek. Gure mugapeko tasak Arabako zein Euskadiko tasen azpitik daude. Argi dago hori. Uste dut jendearen artean ere iritzia bera dela. Hemengo bizi kalitatea oso ona da eta segurtasunaren aldetik oso toki segurua da.
Zenbait herritarrek zabaldu dituzte mezuak lapurreten inguruan, kasu batzuetan argazkiak eta akusazio zehatzak ere partekatuta... Horrelako egoeretan zer egin behar dute mezuak zabaltzen dituztenek zein jasotzen dituztenek? Zein da Ertzaintzaren gomendioa?
A.M.: Alde batetik, esango nuke norbaitek informazio zehatza badauka, lehenik eta behin, gure esku utzi behar duela.
Josu Ansoleaga: Gureganatu behar dute informazio hori.
A.M.: Informazio horrekin guk abian jarriko dugu ikerketa eta analisia egingo dugu, delituen kontra azkar egiteko. Horrez gain, fake news-ekin eta informazio faltsuekin adi egon beharra dago. Guk ikusten ditugu sare sozialetan agertzen diren mezuak eta gehienetan informazioa ez da zehatza eta askotan faltsua da. Horrek eragin handia dauka gure eta herritarren pertzepzioan.
Zein neurrian eragiten dute sare sozialetan eta herriko foro horietan zabaltzen diren mezuek?
A.M.: Kasu honetan, kasu askotan bezala, sare sozialetan zabaltzen diren mezuak influentzia handia daukate gure pertzepzioan eta iritzietan. Kasu honetan ere bai. Horregatik esaten dugu informazioa jasotzean kontu handiz ibili behar dela.
