Etengabeko mugimenduan bizi den etxea da Faktoria. Lehen argi izpiekin batera heltzen dira langilerik goiztiarrenak, eta egunak aurrera egin ahala iristen doaz gainontzekoak. Goizeko bilera, kafe zein deiek lekua uzten diote ekintza sorta zabalari arrastitan: margo eskola, antzerki atelierra, Subeteko tuper agroekologikoen banaketa, kontzertuak, podcasten grabazioak, yoga, arte erakusketak, solasaldiak… egunero zer edo zer.
Talde berri bat batu da Faktoriako ekosistema polifazetikora azaroan. Asteartero, goizeko hamarrak aldera biltzen hasi dira hamar bat lagun. Eskualdeko bizilagunak dira, baina munduko beste txokoren batean jaioak: Latinoamerikatik, Bartzelonatik, Errumaniatik, Kanariar Uharteetatik, Nafarroako hegoaldetik datoz. Gehienei haien seme-alabek gerturatzen diete euskara, eta Euskalgintza Kontseiluak duela bost urte abiatutako Gurasoleku ekimenari esker egin dute hizkuntza ikasteko hautua.

Arrazoiak arrazoi
Beatrix Corcalciuc errumaniarra da, baina 27 urte zituela emigratzea erabaki zuen, lan-aukera hobeen bila. Sorterrian ere pozik bizi zela dio, familia eta lagunak baitzituen bertan, baina baxuegiak ziren soldatak. 2010ean heldu zen Amurriora, bertan zuen lehengusina bat eta elkarrekin bizi izan ziren bost urtez. Ostalaritzan eta garbiketa lanetan aritu izan da, eta aitortu du batez ere hasiera zaila izan zela, hizkuntzaren muga tarteko. 2022tik Aretan bizi da senarra eta semearekin. Haurrari eskolako lanekin laguntzeko gustatuko litzaioke euskara jakitea, baina erronka pertsonala ere bada berarentzat. Izan ere, lau hizkuntza dakizki dagoeneko —errumaniera, hungariera, ingelesa eta gaztelania— eta bosgarrenaren bila doa!
Mariaren ustez hizkuntzak berak asko dio komunitate baten izaerari buruz, horregatik egin zuen eskolak hartzeko hautua
Maria Alejandrak Peru utzi eta Madrilera heldu zen lehenbizi. Baina lan aukera bat suertatu zitzaion Bilbon, eta Aretan bilatu zuen bizitokia. Herriko giro lasaia eta bertako bizilagunak asko gustatu zitzaizkion, baita eskola hain hurbil izatea ere. Iaz hasi zen pentsatzen euskara ikasteko ideian, komunitatearen parte sentitzeko eta bertako kulturan murgiltzeko funtsezkoa iruditzen baitzaio. Badaki ez dela desafio makala izango, euskarak ez baitu ezagutzen dituen beste hizkuntzen antzik. Dena den, mereziko duela sentitu du, batez ere lehen eskoletan ikasitako hainbat esapide semearekin partekatzean hark jarri duen ilusio aurpegia ikustean: “Ama, euskaraz ari zara!”
Ezberdina da Mariaren kasua. 28 urteko erizain gazteak argi izan du beti Bartzelona handi geratzen zaion hiria dela, mugimendu eta zarata gehiegi du berarentzat eta egoera ia sostengaezina zitzaion, bere hitzetan. Zeberioko baserri batera bizitzera joan aurretik ere sentitzen zuen konexio berezi bat zuela Euskal Herriarekin, eta zehazki, Bizkaiarekin. Bere egungo bizitzaz mintzatzeko orduan nabari zaio lilura hori. Lasaitasunaren bila heldu zen herri txiki horretara eta bertan deskubritu ahal izan du zer den komunitateari lotua bizitzea. Bere ustez, hizkuntzak berak asko dio komunitate baten erroei eta izaerari buruz, eta horregatik hartzen ditu eskolak gustora.
Zeberioko Uriondo auzoan hogeita lau bizilagun dira; horien artean, Roberto. Berari esker batu zen Maria euskara ikasteko taldera. Argazkilari lanak tartea uzten dionean etorri ohi da Roberto eskoletara, baina bera ez da zerotik abiatzen. Bilbon jaioa da, eta berea duen euskara apurra landu, pratikatu eta partekatzen du taldearekin. Dakiena segurtasunez eta eskuzabaltasunez besteei azaltzean, eta zalantzak umilki galdetzean giro atsegina dakar klasera.

Astean ordu erdiz bada ere
Beatrix, Maria Alejandra, Roberto eta Mariaren antzera, eta arrazoiak arrazoi, beste sei lagun batu dira Euskalgintza Kontseiluak, Helduentzako Ikastetxe Publikoak eta Faktoriak elkarlanean garatzen ari diren proiektu honetara. Ane Izquierdo Kontseiluko kideak azaldu du euskaltegian izena-emateak eta bertako eskoletara joateak denbora inbertsio handia dakarrela, eta pertsona guztiek ez dutela horretarako paradarik.
Dena den, pixka bat egitea ezer ez egitea baino gehiago denez, astean ordu gutxi batzuk dedikatu ahal dituzten herritar horiek euskarara hurbiltzeko aukera ez galtzea funtsezkoa iruditzen zitzaien hiru eragileei.
Hori guztia modu ludiko eta arin batean, inor gehiegi kargatzeko asmorik gabe eta taldearen erritmoen arabera gertatzen bada, errezeta perfektua da kozinatzen ari dena, euskararen saltsari falta zitzaion perrexila.