Doctor Deseo, Celtas Cortos eta Sünerekin abestuko du ArteOnek ostiralean Bilbao Arenan

Aitor Aspuru Saez 2025eko azaroaren 26a

ArteOn abesbatzaren kontzertua Guggenheimen. / ArteOn

Fair Saturday ekimenaren barruan izango da eta Ezina ekinez egina dokumentalaren proiekzioa eta Julen Burgosen kontzertua ere daude jardueren artean.

Ostiralean ArteOn gazte abesbatza Bilbao Arena estadioko oholtza nagusian egongo da Ei! Bilbao egitasmoan. 2.500 ahots gehiagorekin kantatuko badute ere, leku pribilejiatua izango dute laudioarrek Huntza, Doctor Deseo, Süne, Sorotan Bele edota Celtas Cortos artista ezagunekin abesteko.

Kontzertua Fair Saturday ekimenaren barruan dago eta bere helburua da Black Fridayri aurre egitea. "Kontsumismoaren ordez, Fair Saturdayk elkartasuna sustatzen du, eta jarduera guztien xedea da elkarteak laguntzea", adierazi du Felix Primo ArteOneko presidenteak.

Berez, ArteOnek hasieratik parte hartzen du elkartasun ekimen horretan eta horregatik egongo dira orkestraren alboan oholtza nagusian. 

Primok azpimarratu du abesbatzaren asmo oso garrantzitsua dela, musikaren zaletasuna sustatu ez ezik, balio positiboak ere transmititzea: "Pasa den astean Guggenheimen abestu genuen, Unicefek gonbidatuta. Erakunde horren balioekin bat egiten dugu eta poz-pozik kantatu genuen".

Ezina ekinez egina eta Julen Burgos larunbatean

Baina abesbatza ez da Fair Saturdayra batuko den bakarra. Izan ere, Ezina ekinez egina dokumentala proiektatuko dute Guggenheimen larunbatean 18:00etan eta sarrera doakoa izango da. Ikus-entzunezko lana Dame 1 Minuto de Salud lehiaketaren irabazlea izan da eta horregatik antolatu dute emanaldia. 

Izen bereko elkartearen lana deskribatzen duen dokumentala ikusi ondoren, mahai-ingurua egongo da Jose Miguel Llano zuzendari amurrioarrarekin eta Abel Fernandez 'Spiderabel'-ekin, elkarteko kidea baita.

Bestalde, Julen Burgos bakarlari laudioarrak kontzertua eskainiko du Riberako azokan 14:00etan. 

 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide