Garapen industrialaren eta natur-ingurunearen arteko orekan dagoen eskualdea da gurea. Fabriken grisak bezain beste betetzen du belardien berdeak Aiaraldeko paisaia. Diglosi horretan baina, gehiago jo dugu hiriguneetan babestera, eta baserri-mundutik urrun eraiki dugu gure eguneroko bizitza. Errelebo faltan, zahartzen doan sektorea da lehen-sektorea. Gure eskualdearen postaletara mugatzen den zerbait. Baina badira lekukoa hartu duten gazteak. Badago bestelako lehentasunak albo batera utzi eta animalien, lurraren eta naturaren zaintzari lotu den belaunaldi berria. Ez da urrutian bilatu behar. Nahikoa da asfaltotik burua altxatu eta gure etxe atarian bertan ditugun berdegunetara begiratzearekin.
Enekok, Iratik, Urkok eta Nahiek jarri diote aurpegia abeltzain belaunaldi berriari. Zerk motibatuta heldu diote jardun arkaikoari? Zer utzi dute bidean, eta zer da bueltan jaso dutena? Haien hitzen lekukotzak bildu ditugu, Aiaraldean hain berebizikoa bezain ezezaguna dugun jarduna gertuagotik ezagutzeko.
Eneko Serrano
Gaztandegi txiki bat du Eneko Serranok Orozkon, Santa Marina mendiaren magalean: Lusuri. Berrehun ardi baino gehiago gobernatzen ditu eta azokaz azoka saltzen du bertan ekoiztutako gazta. Enekorentzako ez zegoen B planik, “txikitako nire ametsa da hau”.
Ez zion familia tradizioari jarraitu, bokazioa ez du gurasoengandik jaso. Haurtzarotik animaliekiko eta ardiekiko izan duen zaletasuna ofizio bilakatu du, hutsetik hasita: “Ikastola bukatu berritan Oñatiko artzain eskolan ikasi nuen, eta bertan garatu nuen gaztandegi txiki bat kudeatzeko proiektua. 2015ean eman nuen Lusuri Gaztandegia sortzeko jauzia, gaur egun arte”.

Irati Rivacoba
Enekok bezala artalde bat gobernatzen du ere Irati Rivacoba amurrioarrak. 17 urterekin ehun abelburu ditu bere ardurapean, herriko larre desberdinetatik sakabanatuta. Pasioz bizi du ardiekiko zaletasuna: “ardiak nire bizitza dira, ez dut nire burua imajinatzen haiek gabe”. Abeltzaintzari lotutako familia tradizio luze baten azken katebegia da Irati, bere neba gaztearekin batera. Gaztandegi txiki bat ere jarri zuten etxean, eta honezkero gaztarik ekoizten ez duten arren, ez dituzte animaliak alboratu.

Urko Ibarrola
Duela bi urte ekin zion Urko Ibarrola 27 urteko gazteak Zubiako Baserriko behi aziendaz arduratzeari. Aitonak sortu zuen ganadutegia eta Joseba Ibarrola aitak Txaroles arrazako behietan espezializatu zuen. Hirurogei behi buru baino gehiago dituzte, eta baserrian bertan zatitu eta komertzializatzen dute haragia. “Txikitatik izan dugu harremana ganaduarekin etxean. Askotan lagundu dut aita behiekin, baina ez nuen orain bezala disfrutatzen. Badakizu, gaztetan ohikoa da aitak agindutako lanak gogo gutxirekin hartzea. Baina denborarekin etxean duguna balioan jartzen ikasi dut, hemen geratzea erabaki dudan arte”, diozku Urkok irribarre zabal batekin.

Nahie Larizgoitia
Laudioko Larraño mendian dituen astoak zaintzen dituen bitartean elkartu gara Nahie Larizgoitiarekin. Hamasei urterekin bere gain hartu du etxeko astoen zaintza. Ez dira nolanahiko abereak, Enkarterrietako astoak baizik. Euskal Herriko asto arraza da honakoa, eta mende luzez baserriko lan-indarra izan da, oso erabilia ere meategietako lanetan. Orain desagertzeko arriskuan dago espeziea, eta honen berreskurapenerako elkarte bateko kide da Nahie.
Abeltzaintza ez da inoiz izan Nahieren baserriko ekonomia nagusia. Gurasoek baserritik kanpo ere egiten dute lan, baina beti izan dute harreman oso estua abereekin. “Guk beti izan ditugu abereak etxean. Behiak izan genituen aurretik, horiek saldu eta asto eta zaldi gutxi batzuk jarri genituen. Orain ardiak ere baditugu, eta askoz asto gehiago ere”. Bati baino gehiagori ezagunak egingo zaizkio Nahieren etxeko astoak Olentzero eta Maridomingiren kalejiran ateratzen baitira urtero.

Errelebo falta
Gazteak egon badaude, beraz. Ez behar beste Aiaraldeko abereak gobernatzeko lanetan baina. Eneko Serranok aitortu digu ez duela errelebo argirik ikusten: “ganaduarekin hasi diren bizpahiru pertsona datorzkit burura, gehiago dira erretiroa hartu dutenak. Desoreka bat dago hor”. Antzeko ikuspegia elkarbanatu du Ibarrolak: “Erreleboa falta da. Nire inguruan dauden abeltzain gehienak 40-50 urte baino gehiago dituzte. Gazte gutxi daude”.
“Ez dut uste geroz eta ganadu gutxiago dagoenik. Bai, ordea, geroz eta gehiago dira itxi edo desagertzen ari diren produkzio familiarrak”
Errelebo falta horrek, ordea, ez du produkzioan islarik momentuz. Ez behintzat supermerkatuetako apaletako haragi edota esnekien eskaintzan. Errelebo faltak baserrietako produkzio txikien desagerpenari ari zaio eragiten, zuzen-zuzenean. “Ez dut uste geroz eta ganadu gutxiago dagoenik. Bai, ordea, geroz eta gehiago dira itxi edo desagertzen ari diren produkzio familiarrak. Hain zuzen, produkzio familiar horiek, baserri horiek dira gure herriak bizirik mantentzen dituztenak. Kontrara, orain joera ekoizpen industrialagoetara jotzea da, geroz eta azienda handiagoak, zerikusi gutxi dutenak orain arte bizitakoarekin”, azaldu digu Serranok.
Urko Ibarrolak ere bat egin du irakurketa horrekin: “Gaur egun ia ezinezkoa da baserri bat mantentzea, pentsa zenbateko ahalegina den hutsetik negozioa sortzea. Profesionalizazioa ezinbestekoa da negozio honetan aurrera egin ahal izateko. Horregatik ari dira geroz eta azienda handiagoak sortzen, bestela ez dagoelako bizirauterik”.
Bide horri heldu nahiko liokete Nahiek eta Iratik ere, baina aurretik dituzten zailtasunen jakitun dira. Edonola ere ez dute etsitzeko asmorik. Nahie Natur-ingurunearen Kontserbazioa eta Kudeaketako zikloa ari da ikasten Murgian eta zaldietan espezializatu nahiko luke bere langintza. Irati agroekologia ikasketak egiten dabil Derion, bestelako lanpostuei aterik ez ixteko asmoz, baina beti irudikatu du bere burua artzain.

“Nire lagunek ere ulertzen dute hori: ez naiz haiengana batzen abereen lanak bukatu arte”
Gaztetasuna eta abeltzaintza
Lan gogorra da, elkarrizketatutako lau gazteek dute argi hori. Askotan balantzan jarri behar izan dituzte animalien gaineko ardurak eta gaztetasunaz gozatzeko aukera. “Nahiago dut ardiekin egon lagunekin juergan ateratzea baino. Ardi hauek dira nire osasun mentala eusten dutenak”, defendatu du Irati Rivacobak inolako zalantza izpirik gabe, “nire lagunek ere ulertzen dute hori; ez naiz haiengana batzen abereen lanak bukatu arte”.
Eneko Serranok ere aitortu digu lagunekin gauza asko egiteari uko egin behar izan diola. “Nire bizitza artaldearen inguruan antolatzen dut, lehenik nire animaliak eta tarte libreetan gainerakoa. Kuadrillarekin, lagunekin… gauza asko galdu ditut. Nik lan hau ez banu beste gauza batzuk egiteko aukera izango nuke. Baina oso aberasgarria da, nire proiektu propioa delako”.
Izan ere, lanak lan eta esfortzuak esfortzu, gogobetetzen duen jarduna da animaliena. Horren harira sakrifikatua den lan bakarra gustora egiten ez dena dela aldarrikatu du Urko Ibarrolak.

Sare sozialak
Baserri munduaren eta gazteen arteko zubi-lana egiteko tresna dira sare sozialak, eta horretan eskarmentua soberan du Urko Ibarrolak. Eguneroko lana aurrera nola ateratzen duen, edota txaroles arrazako behien bitxikeriak kontatzen ditu kamera aurrean, Zubiako Baserrian gertatzen dena Instagram bidez mundu osora zabaltzeko.
Behi azienda du bere ogibide eta hori elikatzeko erabiltzen ditu sare sozialak: “Gaur egun publizitatearen %90 sare sozialetan dago. Dibulgazioa ere egiten dut Instagrameko bideoen bidez: nola egiten dugun lan, zer diren txarolesak… baina niretzat publizitatea da gauzarik garrantzitsuena. Haragia saldu behar dugu bizirauteko”.
Arrakasta bereganatu duela esan genezake, jendeak gogotsu itxaroten ditu Urkoren bideoak eta aspaldi gainditu zuen 4.000 jarraitzaileen langa. “Jendeari asko gustatzen zaizkio. Askotan pentsatzen dugu hiri handietan bizi direnek ez dakitela ezer landa-eremuari buruz. Baina Amurrioko nire lagunek ere, askotan ezer gutxi dakite hemen egiten dugunaz, eta etxe atarian dituzte animaliak”.
Lan baldintzak
Abeltzaintza pasioz bizi dutela ukaezina da, baina lan jarduna jasangarria egiteko beharra ere mahaigaineratu dute abeltzain gazteek. Eguneroko lana izateak dedikazioa eskatzen du, eta lan-orduak antolatzeko malgutasuna izan arren, atseden egunak urriak izaten dira ohikoan. Horri erantzuteko lan-indarra behar-beharrezkoa dute; lan-indarra kontratatu ahal izateko, aldiz, produkzio handiagoa.
“Pertsona bat gehiago kontratatu nahi dut aziendan atseden egunak hobeto kudeatzeko”
Eneko Serranok berriki kontratatu du langile bat Lusuri gaztandegian, baina, gaztagilearen hitzetan, ez da nahikoa kontziliazio egokia gauzatu ahal izateko. Horregatik, produkzioa handitzeko lanetan daude buru-belarri Lusurin: “pertsona bat gehiago kontratatu atseden egunak hobeto kudeatzeko”.
Asmo berdinarekin dabil Urko Ibarrola ere. Aitonak ganadutegia mantentzen zuen garaitik izan dute langile bat Zubiako Baserrian. Duela urte gutxi hartu zuen erretiroa langileak. Lan-kargaren handitzearen aurrean, Joseba Ibarrolak behi produkzioa murriztea erabaki zuen eta erretiro hartzeko prestatu zuen bere bura. Baina Urkoren iritsierak atzeratu egin ditu aitaren asmoak. Orain biek kudeatzen dute baserria eta bien artean banatzen dituzte beharrak zein atseden-egunak: “Atsedenerako antolatzen garenean, gure oporraldiak laburrak izaten dira. Askoz jota hiruzpalau egun egin ditzazket baserritik kanpo”. Eneko Serranok bezala, produkzioa handitzeko lanetan daude, ekoizpena errentagarria egin eta kide berri bat batzeko ganadutegira.

Azokak
Azoketara bertaratzea ere bada lau gazteen jardunaren parte. Eneko Serranok, adibidez, ostegunero jartzen du postua Laudioko merkatuan: “Oso merkatu garrantzitsua da niretzat, bertan elkartzen dira nire bezero gehienak”. Gazta freskoa da Enekok Laudion gehien saltzen duena eta asteazkenak probesten ditu hori ekoizteko. Laudiokoa ez da Orozkoko gaztagileak agendan markatuta duen hitzordu bakarra. Azoka sasoi betean murgilduta dago orain, udazkenean: “Sasoi honetan astebururo ditugu azokak Euskal Herriko hainbat herritan, larunbat zein igande. Lagun, senide edota bikotearen laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke azoketako lan guztia aurrera ateratzea. Mundu guztiak laguntzen du”.
"Lagun, senide edota bikotearen laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke azoketako lan guztia aurrera ateratzea"
Irati Rivacobak Amurrioko Artzain Egunean parte hartu du inoiz bere artaldearekin batera, baina kritiko azaldu da bertako antolakuntzarekin. Izan ere, sariketetan egondako aldaketek ez dute herriko abeltzainen parte hartzea sustatzen. “Ez gara herrigunean bizi direnen entretenimendua. Urte osoan naturguneetan abereen presentzia errespetatzen ez dutenak egun batez kontent izateko aitzakia dira batzutan azokak”. Bide horretan baserrietan bizi diren herritarrengana hurbiltzeko deia egin du gazteak.

Nahiek eta bere etxekoek, aldiz, Dolumin Barikua dute azoka kuttunena; ez dute inoiz hutsik egin. Gainerakoan Enkarterritako astoaren promoziorako azoketan eta lehiaketetan ibiltzen dira.
Ibarrolatarrek etxean bertan komertzializatzen dute etxean bertan zatitutako haragia, baina noizbehinka parte hartu dute txaroles arrazako behien lehiaketetan. Etxetik oso gertu dute lehiaketa horietako bat, Urduñako San Juan ferian ospatzen dena. Amurrioko Jaietako egitarauaren barruan San Roke eguneko azokara bertaratzen dira ere Zubiako Baserriko kideak. Etxeko zezena eramaten dute bertara, eta apostua antolatzen dute zezenaren pisua asmatzeko. Aurten aise gainditu du tonelada hiru urteko piztiak.
“Abeltzain izateko erromantikoa izan behar zara, pasioa behar beharrezkoa da hemen”
Erromantikoak
Ez Enekok, ez Iratik, ez Urkok, ez Nahiek ez lukete euren bizimodua aldatuko. Baserrira eta abeltzaintzara lotu dute euren burua, eta egiten duten horretaz maiteminduta bizi dira. Urko Ibarrolak azaldu du abereekin aritzeko sekretua; erromantikoa behar da izan. “Abeltzain izateko erromantikoa izan behar zara, pasioa behar beharrezkoa da hemen. Ni ere egon naiz atsegin ez nituen lanetan, zortzi ordu sartzen dituzu eta etxera zoaz. Hemendik ez zoaz inora, zure bizitza da. Asebetetzen duen lana da hau”.

Animaliak zaintzea eta haztea du gogokoen Iratik. “Zuri esker bizitza batek aurrera egin duela ikusteak ez du parekorik”. Halaber, hiritarrak natur ingurunearekin lotzeko beharra aldarrikatu du. Izan ere, baserriei bizkar emanda ikusten du gizartearen gehiengoa. “Guk eskaintzen dugun onura ez dago bakarrik haragiaren kalitatean. Mendien eta larren zaintzan ezinbestekoa da guk egiten duguna. Herritarrek jakin behar dute Babiora sastrakak zapaldu gabe igotzeko aukera badute, hori ganaduari esker dela”, gaineratu du Urko Ibarrolak. Erakundeen trabak, burokrazioa… oztopo direla ere azaldu digu Nahiek; “geroz eta eskakizun gehiago bete behar dira, animaliak larreetan izateko, herritar ororen kaltean, abeltzaintzaren onurak denok jasotzen ditugulako”.
Abeltzaintzan murgildu nahi duen orori gonbita luzatu diete Aiaraldeko abeltzain gazteek. “Argi duenak eman dezala urratsa. Lan gogorra da, eta gauza asko utzi behar dira bidean. Baina nik ez dut nire burua beste ezer egiten ikusten”, esan digu Eneko Serranok.
Eneko, Irati, Urko, Nahie eta eskualdeko beste hainbeste gazteren ekimena da Aiaraldeko landa-eremuak behar duena. Gazte erromantiko hauek ez daitezen izan azken erromantikoak.
