Tren zerbitzu irisgarria eskatzeko, Laudioko, Amurrioko eta Urduñako tren geltokien aurrean protesta egin du gaur Aiaraldeko Pentsiodunen Mugimenduak. Abenduaren 3ko Desgaitasuna duten Pertsonen Nazioarteko Egunaren testuinguruan egin dute mobilizazioa, Mugikortasun Urriko Pertsonen Plataformarekin elkarlanean.
Bilbo Aldirietako lineak irisgarriak ez direla salatu dute pentsiodunek: "Kasu batzuetan, geltokiak ez daudelako egokituta, edo trenetara ezin delako sartu ibiltokiaren eta trenaren arteko distantzia luzea dela eta". Eskualdeko erretiratuek bereziki egin dute azpimarra Bilbo Aldirietako hirugarren linearen egoeran. Azaldu dute "oso zaila" dela jende askorentzat trenera sartzea; eta "makila, makulu, haurren orgatxo edota gurpildun aulkietan dauden pertsonen adibidea jarri dute.
Azpimarratu dute botere publikoei dagokiela arazoa konpontzea. "Horregatik guztiagatik, gure ezinegona helarazi nahi dizuegu, eta Eusko Jaurlaritzari eta eskumena duen erakunde orori esaten diegu badela garaia trenetan, nasetan eta sarbideetan egokitze-lanak egiteko, edonork zerbitzu publiko hau edo erabil dezan", aldarrikatu dute elkarretaratzeetan irakurritako mezuetan. Bide horretan, jakinarazi dute bilera eskatu dutela Susana Garcia Chueca Mugikortasun Iraunkorreko sailburuarekin.
Argazkiak: Aiaraldeko Pentsiodunen Mugimendua