Laudio eta Artziniegako proiektuek herritarren babesa jaso dute 2026ko Aurrekontu Parte-hartzaileetan

Aimar Gutierrez Bidarte 2025eko abenduaren 2a

Kulturlabek herritarren babesa eskatu zuen Lamzua Parkeko proiektuaren alde bozkatzeko. / Aiaraldea.eus

Arabako 2026 Aurrekontu Parte-hartzaileen bozketa fasearen emaitzak aurkeztu ditu Foru Gobernuak. Laudioko Lamuza Parkeko bidezidorrak birgaitzeko eta Artziniegako Erlojuaren Dorreko erlojuak zaharberritzeko proiektuek herritarren babesa jaso dute Aiaraldean.

Hirutik bi. Laudiok eta Artziniegak aurkeztutako proiektuek aurrera egitea lortu dute Arabako 2026ko Aurrekontu Parte-hartzaileetan. Foru Aldundiak aste honetan egin ditu publiko bozketa fasearen emaitzak. Gauzak horrela, diru-partida bana jasoko dute Lamuza Parkeko bidezidorren birgaitzeak eta Artziniegako Erlojuaren Dorreko konponketak.

Laudioko kasuan arrakastatsua izan da Kulturlabek sustatutako kanpaina. Kultur egitasmoak Arrañoko Gazteluaren birgaitzea eta Lamuza Parkeko bidezidor sarea konpontzeko proiektuaren alde botoa ematera animatu zituen herritarrak, eta mila lagunen babesa lortu dute. 

"'Arrañoko Gaztelua izenekoaren berreraikuntza amaitzea eta parkeko bidezidorren sarea birgaitzea proposatzen da, elementu hori (monumentu-multzoaren talaia eta begiratoki pribilegiatu gisa diharduena) bidezidorren sare horren ardatz bihurtuz, eta, gainera, bizilagunentzako gizarte-zentro gisa erabiltzeko aukera emanez". Horrela aurkeztu zuten proiektua Kulturlabeko kideek iragan irailean, bozketa fasea ireki berritan. Kultur eragilearen iritziz, proiektua garatzeko aukera berri honek "mugarri berri bat" jarriko du Lamuza Parkearen hobekuntza prozesuan.

2.000 biztanletik gorako kategorian egin du aurrera Laudioko proiektuak. Kategoria berdinean hautagai zegoen ere Luiaondoko frontoiko estalkia aldatzea eta plaka fotovoltaikoak instalatzea aurreikusten zuen proiektua. Aiarako egitasmoak, ordea, ez du Aurrekontu Parte-hartzaileetan hautatua izateko behar besteko bozkarik lortu, eta gutxieneko quorumaren azpitik geratu da.

Artziniegako Erlojuaren Dorrea

Artziniegako Udalak aurkeztutako proiektua izan da Aurrekontu Parte-hartzaileetan aukeratutako eskualdeko bigarren proiektua. Tokiko Gobernuaren asmoa Artziniegako Garai Plazako Erlojuaren Dorrea zaharberritzea da. Artziniegako 70 herritarren babesa jaso du egitasmoak. Zehazki, dorrearen bi erlojuak martxan jartzeko baliatuko dute diru-partida.

XIX. mendean altxatu zuten Artziniegako Garai Plazako Erlojuaren Dorrea. Udalak 1993an zaharberritu zuen eraikina, baina lan horiek ez zuten erloju erraldoien konponketa barnebildu. Eraikinaren fatxadak ikusgarritasuna lortu du 2024az geroztik. Izan ere, dorreko horman margotu zuen Txerra Ortega muralista madrildarrak Artziniegako I. Horma Irudien Lehiaketako diseinu irabazlea. Joseba Vivanco alkateak Aiaraldea Komunikabideari azaldu dionez, horma irudiak eta dorreak bisitari ugari erakarri dituzte udalerrira. Hori dela eta, asko ziren dorreko erlojuak behingoz martxan jartzea eskatzen zuten bizilagunak.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide