Arte Eman Festan loratu dira Faktoriako sormen egonaldietan ondutako lanak

Aimar Gutierrez Bidarte 2025eko abenduaren 3a

Arte Eman Festa ospatu zuten iragan azaroaren 22an Faktorian, Arte Hartze Zikloari amaiera emanez. Faktoriako sormen egonaldietan aritutako artistek euren lanak taularatu zituzten bertan.

Aurtengo ikasturtean Faktoriako sormen egonaldietan parte hartu duten artistek Arte Eman Festan egin zuten bat, iragan azaroaren 22an. Kultur Faktoriak antolaturiko Arte Hartze Zikloaren azken emanaldia izan zen hori, eta artista bakoitzak garatutako proiektuetan murgiltzeko aukera eskaini zuten.

Orotara lau artistek edo kolektibok taularatu zituzten Faktoriako egonaldietan ondutako lanak. "Jaialdiari hasiera emateko, Libe Estebaranzen Mina Espazioa ezagutzeko aukera izan genuen Faktoriako kanpoaldetik paseo kolektibo-performance baten bidez. Ibilaldiaren amaieran Tar Tar kolektiboarekin egin genuen topo eta soinu esperimentalekin batera dantza pieza bat eskaini ziguten: Arran-Erran. Arratsaldearekin jarraituz, Oscar Pascualen Petra ikusi genuen, dantza klasikoa eta publikoarekin izandako elkarrizketak uztartzen zituen arte eszenikoetako pieza bat. Eta amaitzeko, Gontzal Royuelaren Ximurrak lanaren zati baten erakustaldiaz gozatu genuen, ikusleak hunkituta utzi zituena", azaldu dute Kultur Faktoriako kideek.

Lau piezen ondotik solasaldia eskaini zuten Arte Eman Festan elkartutako artistek, sormen prozesuaren nondik norakoetan gehiago sakontzeko asmoz. Paula Urquijo, Leire Sanjurjo eta Alberto Fernandez iazko Arte Hartze Zikloko bekadunek ikerketa lana osatu dute jaialdian bildutako informazioarekin. Urtarrilean aurkeztuko dituzte ateratako ondorio nagusiak, podcast formatuan.

Argazkiak: Kultur Faktoria

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide