Nola eraldatu dezake adimen artifizialak Aiaraldeko industria? Zein oztopo eta erronka egon daitezke bide horretan? Galdera horiek izan zituzten ardatz duela astebete Refor enpresaldean Araba 4.0 eta Aiara Industrial Lab erakundeek antolatutako gosari teknologikoan.
Bi orduko jardunaldi konprimitu bat izan zen, hainbat hitzartze eta solasaldiz osatutakoa, eta ordezkari instituzional ugarik hartu zuten parte, baita eskualdeko hezkuntza komunitateko edota ehun ekonomikoko zenbait kidek ere.
Txerra Molinuevo izan zen hitza hartzen lehena. Amurrioko alkateak aitortu zuen eskualdeko industria zailtasunak bizitzen ari dela, baina hori gainditzeko indarrak daudela ere aldarrikatu zuen.
“Adimen artifiziala dirudien guztia ez da adimen artifiziala. Beharrezkoa da aurretik datu-base on bat izatea”
Antzeko tesia plazaratu zuen Ramiro Gonzalezek jarraian. Bere hitzetan, Aiaraldeko industriak jarraitzen du balioa sortzen, “Amurrion bereziki”. Zehaztu zuenez, industriak sortutako Barne Produktu gordina %22,2 hazi da 2015etik 2022ra Amurrion, Laudion, berriz, igoera hori “%3,7koa soilik” izan da. Datu horiek aintzat hartuta, Ahaldun Nagusiak berriz plazaratu zuen "Aiaraldearen etorkizun industriala bermatzeko” mahaia sortzeko asmoa, astebete lehenago Laudion iragarri zuenari berriz helduz. "Mezu ezkorren aurrean, konfrontazioaren aurrean, Arabako Foru Aldundiak indarrak batzea proposatu du mezu berri bat sortzeko: Aiaraldeak iragana, oraina eta etorkizun industriala dituela", aldarrikatu zuen gobernariak Reforren. Bere ustetan, “lehiakortasuna, enpresak eta industriatik eratorritako enplegua” galtzen ari da eskualdea, eta horri buelta eman behar zaio.

“Adimen artifizialak balioa sortzen ez duten lanpostuak desagerraraziko ditu, balioa sortzen duten beste batzuk sortzeko”
Teoria VS praktika
Ordezkari instituzionalen hitzartzeen ostean, iritsi zen gaian murgiltzeko unea. Horretaz arduratu ziren Javier Del Ser doktorea (Adimen Artifizialean aditua eta Tecnaliako kidea) eta Jon De Lapatza (Amuferreko zuzendari nagusia eta Aiara Industrial Lab-eko presidentea).
Del Serrek defendatu zuen adimen artifizialak automatizazioan eta egiteko errepikakorretan duela potentzialitatea batez ere, eta horrek aukera emango digula gizakioi “zibilizazioan bestelako ekarpena” egiteko.
Horri lotuta, ziurtatu zuen enpresek jarraituko dutela gizakiek gidatuak izaten, adimen artifiziala ez delako “gaur gaurkoz, inprobisatzeko gai”.
De Lapatzak bat egin zuen bere solaskidearen hitzekin, eta iragarri zuen teknologia berri horrek ez dituela lanpostuan bere horretan desagerraraziko. “Balioa sortzen ez duten lanpostuak desagerraraziko ditu, balioa sortzen duten beste batzuk eratzeko”, aldarrikatu zuen. Horregatik, hezkuntzaren esparruan dagoen erronka nabarmendu zuen, eskualdean eskaintzen diren formazio zikloak joera berri horietara egokitu behar direla nabarmenduta.
Eskualdeko industriari begira, erabilera praktiko zehatzetan zentratzea aholkatu zuen Del Serrek. Bere iritziz, EAEn ikerketa lan oso ona egiten da adimen artifizialaren alorrean, eta ezagutza guzti hori soluzio zehatzetan aplikatzean dago gakoa.
“Automatizatu daitezkeen jarduera errepikakorrak egiteko balio du adimen artifizialak, gure ekarpena beste bat izan dadin”
Adibide praktikoak
Soluzio zehatzak izan zituzten hizpide, hain zuzen, gosari teknologikoko azken hizlariek. Euren enpresetan garatu dituzten proiektu zehatzak azaldu zituzten eskualdeko hiru konpainietako ordezkariek.
Kiderren, adibidez, produktuak katalogatzeko baliatu dute adimen artifiziala. Izan ere, milioi erdi artikulu dituzte guztira, eta 40 karaktereko deskripzio bat osatzen dute bakoitzeko. Gauzak hala, adimen artifizialak aukera eman die diseinuak hobeto katalogatzeko eta, modu horretan, artikulu bera bi aldiz egitea ekiditeko, besteak beste.
Hala azaldu zuen Iñaki Moskosok, Kiderreko IKT arduradunak. Bere ustez, langileak “konfort gunetik ateratzen” ditu adimen artifizialak. Horregatik, bere iritziz, denbora inbertitu behar da langileak zaintzen, kontzientziatzen eta teknologia horrekiko beldurra kentzen.

“Konfort gunetik ateratzen gaitu adimen artifizialak. Kontzientzia piztu eta beldurra kendu behar da”
Antzeko egitasmo baterako baliatu dute adimen artifiziala Amets tailerretan. Laudioko mekanizatu lantegi horrek 25.000 piezen planoak ditu pilatuta, eta horiek modu eraginkor batean topatzeko bilatzaile bat garatu du. “Adimen artifizialari esker asko murriztu dugu piezen planoak topatzeko baliatzen dugun denbora”, azaldu zuen Alazne Aldaiturriagak. Hala ere, aitortu zuen bide handia dagoela oraindik egiteko ikerketaren esparruan. “Adimen artifiziala ona da katutxoen argazkiak bilatzen, baina ez dago horren garatuta industriaren esparruan aritzeko”, azaldu zuen enpresako CEOak.
Envasesen, aldiz, oso bestelako egiteko baterako baliatu dute adimen artifiziala: ontzien diseinuen aurreikuspen errealistak eratzeko. Horrek aukera eman die bezeroei aurreikuspen azkar eta fidelak bidaltzeko, Endika Albinarrateren hitzetan.
“Adimen artifizialari esker asko murriztu dugu piezen planoak topatzeko baliatzen dugun denbora”
Dena den, Laudioko lantegiko zuzendari nagusiaren ustez, “adimen artifiziala dirudien guztia ez du zertan adimen artifiziala izan”, eta teknologia hori baliatzeko aurretik enpresek orubea prestatu behar dutela nabarmendu zuen, datu base onak izatea funtsezkoa dela azpimarratuta.
Orokorrean, jardunaldietan hitza hartu zuten kide guztiek egin zuten bat gauza batean: ez zuten adimen artifiziala panazeatzat hartu. Gauzak hala, nabarmen aldendu ziren teknologia horren guruek askotan egiten dituzten iragarpen mesianikoetatik, soluzio eta aukera askoz lurtarragoez hitz egiteko. Laburbilduz, ez dago formula ez soluzio magikorik, eguneroko lanaren poderioz ikusiko da adimen artifizialak zenbateraino aldatuko duen Aiaraldeko industria.