Pasa den astean agerraldi publikoa egin zuten LPS Honi ez! ekimenaren ordezkariek, Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektoriala (LPS) judizializatzeko asmoa dutela jakinarazteko. Egitasmoaren bultzatzaileen artean Aiaraldeko Mendiak Bizirik taldea dago, beste 30 tokiko talde ekologista eta Administrazio Batzarrekin batera.
Ekimenaren sustatzaileek azpimarratu dute euren helburua dela "plana auzitara eramatea eta auziaren salaketa kalera eramatea modu zabal eta bateratuan". Hori bai, Eusko Jaurlaritzak onartu bezain pronto egingo dute hori.
Iniziatibaren atzean daudenek azpimarratu dute eskala handiko parke eoliko eta fotovoltaikoen hedapen masiboa bultzatzen duela LPSak, eta horrek mendi-gain eta landa eremuen suntsiketa ekarriko duela. Nabarmendu dutenez, planak ez ditu herritarren ongizatea eta ingurumenaren babesa bermatzen, baizik eta energia berriztagarrien negozioarekin irabaziak lortzen dituzten enpresa handien interesak lehenesten dituela.
Plan antidemokratikoa
Horrez gain, LPS honi ez!-eko kideek nabarmendu dute aurkeztutako aurreproiektuaren arabera, enpresa energetiko handiek interes espekulatiboetarako ateak zabalik uzten dituela.
Halaber, aurrekontuak bi hutsune handi dituela erantsi dute. Alde batetik, balio ekosistemiko, kultural eta sinboliko handiko eremuak babestea. Bestetik, guztion ongizate kolektiboa hobetzeko baldintzak sortzea.
Hori guztia gutxi balitz, izaera antidemokratikoa leporatu diote, "herri mugimenduek adierazitako oposizioa, erakunde zientifikoen irizpideak eta aurkeztutako 4.000 alegaziotik gora kontuan hartu gabe" egin duelako aurrera planak.