Maila altuko txirrindularitza hitzordua hartuko du Aiaraldeak datorren 2026ko ekainean. Orbea konpainiak Orbea Gravel Aiaraldea bizikleta martxa aurkeztu berri du, Arabako Errioxan antolatzen duen Orbea Gravel Rioja Alavesa kirol proba entzutetsuaren ahizpa txikia.
Aurreratu dutenez, Amurrio izango du epizentro probak eta kirol eta kultura eskaintzak uztartuko ditu. Eskualdearen promozio turistikoan sakonduko du bizikleta martxa berri honek. Izan ere, Aiaraldeko Kuadrillak abiatutako ildotik, txakolina izango du ardatz, Ezagutu Txakolinaren ibilbidea lemapean. Ekainaren 5ean eta 6an antolatuko dute martxa eta, txakolinaren mundutik ez aldentzeko, ekainaren 7an ospatuko den Txakolin Egunarekin kointzidituko du asteburuak.
Oraindik ez dute ibilbidearen berri eman baina, aurreratu dutenez, bi martxa egongo dira. Bata luzea, "kilometro eta desnibel ugariko erronkaz gozatu nahi dutenentzat". Bestea laburra, ibilbide laburrago eta erosoagoarekin "gravelaren esentzia galdu gabe paisaiaz eta ondareaz disfrutatu nahi duen ororentzat".
500 dortsal, abenduaren 12tik aurrera
Ekimena "Espainiako Estatuko Gravel egutegian finkatzeko anbizioz" jaio dela nabarmendu dute antolatzaileek. Lehen ediziorako 500 dortsal jarriko dituzte eskura, eta antolatzaileek "premiun esperientzia" gisa definitu dute hitzordua. Izen ematea ostiral honetan irekiko da, abenduak 12, 12:00etan, Orbearen web orrialde ofizialean. Aurreratu dutenez, lehenengo egunean bertan izena ematen dutenek eskaintza berezia jasoko dute.