Aiaraldeko txirrindulariak ziklokros diziplinako azken asteetan daude sartuta buru-belarri, asteburu honetan izango baita Euskadiko Txapelketa Seguran (Aiarako proba bertan behera geratu eta gero). Edonola ere, azken emaitzen zain, denboraldiak une oso positiboak utzi ditu.
Izan ere, azaroaren amaieran Ametzagan lehiatutako Arabako Txapelketan eskualdeko sei kirolarik lortu zuten podiuma zapaltzea:
- Kadeteetan Ander Colmenero izan zen txapeldun eta Peru Zaballa hirugarren gizonezkoen artean, eta Matixa Grazianteparaluzetari hirugarren postua egokitu zitzaion emakumeen kategorian.
- Juniorren artean Mikel Llorente amurrioarra izan zen onena eta Xabier Kurtscheidt hirugarrena.
- Master 50 kategorian Vicente Albisua izan zen irabazle.
Ez da izan denboraldian Mikel Llorentek eskuratu duen garaipen bakarra, Urduñan eta Gorlizen ere bera izan baitzen lehena. Ander Colmenero ere podiumera igo zen Tolosan, hirugarren postuan.
Horrez gain, Reforrek hartu zituen abenduaren 19an Arabako Txirrindularitza Federazioko sariak eta erakundeak Ander Colmenero izendatu zuen lehen urteko kadete onena eta Ekhi Uriarte junior onena.