Estu lotuta egon dira kirola eta politika, ez da oraingo kontua. Alde bateko eta besteko interesak eta aldarrikapenak hauspotzeko baliatu izan da maiz. Kontrakoa defendatzen duten ahotsak ere asko dira, nahastu beharrik ez dagoela, baina ebidentziak hor daude, ikusi nahi dituenarentzat.
Aurtengoa ere ez da salbuespena izan kirolaren eta politikoaren arteko sinbiosian, eta puri-purian egon da eztabaida. Palestinaren aldeko elkartasun olatuak bete ditu 2025eko kirol ekitaldi gehienak, guztiak ez esatearren. Oinarrizko printzipioa da: Genozidio bat gauzatzea ez dator bat, inondik inora, mundu mailako kirolaren gida-orri gorena den Karta Olinpikoan jasotakoarekin. Giza eskubideak defendatu behar ditu kirolaren praktiak. Oso argi geratu zen hori 2022an Errusia nazioarteko txapelketa guztietatik kanporatua izan zenean. Gehiago kostatu da hori ulertaraztea oraingoan. Gobernuek, kirol-federazioek eta kirol-ekitaldien antolatzaileek egin ez dutena lortu du gizarte-zibilak. Israelen parte hartzearen aurka mobilizatu dira milaka eta milaka herritar. Bereziki sonatuak izan dira Espainiako Itzulian Israel Premier-Tech txirrindularitza taldearen presentziaren aurka burututako protesta eta ekimen ugariak, tartean, Bilboko helmugaren blokeoa. Aiaraldean oihartzuna izan zuen Bilboko ekintza horrek: Artziniegako Jaietako kronoeskaladan hain zuzen ere.
Jai-girotik kanpo ere Palestinaren aldeko aldarriek tokia izan dute eskualdean gertatu diren kirol ekitaldietan. Txirrindularitza aparte utzi gabe, palestinar banderez jantzi zuten Urduñako portua abuztuaren 7an, Burgoseko itzuliaren hirugarren etapan. Ikusmira handia sortu zuen etapak; izan ere, Mikel Landaren itzulera ekarri zuen lasterketa gaztelarrak. Hiru hilabete lehenago, Italiako Giroan, orno bat hautsi zuen Landak, Landismoaren esperantzak zapuztuz. Urduñako mendatean ez zuen aparteko distirarik erakutsi amurrioarrak, bai ordea, Palestinaren aldeko elkartasunak. Gorobel Mendi Ibilaldia ere bilakatu zen Palestinaren itsasargi; Tologorriko maldetan dimentsio erraldoieko palestinar bandera zabaldu zuten.
Ofizialtasuna
Dena da politika, baita kirolean ere. Israelen parte hartzea politika da. Noiz, nola eta non lehiatu politika da. Eta, noren izenean aritu kirolean ere politika da. Azken aldarrikapen horri inoiz baino indartsuago heldu dio aurten Euskal Pilota Federazioak. Urtarrilean egin zituzten zuzendaritza berritzeko hauteskundeak eta Asier eta Aimar Amondo aita-seme laudioarrek osatu zuten hautagaitza irabazlea. Ofizialtasunaren bidean buru-belarri lanean aritu da zuzendaritza berria, eta, aurten, estreinakoz aritu da Euskal Selekzioa zesta-puntako Nazioen Ligan. Txapelketak aurrez aurre jarri zituen Euskal Selekzioa eta Espainiako eta Frantziako taldeak. Zalaparta sortu zuen gaiak, politika eta kirola banaezinak direla erakutsiz, beste behin.
Baina Nazioen Liga ez da Euskal Selekzioak aurten jokatu duen nazioarteko txapelketa ofizial bakarra izan. Irailean Argentinan jokatutako trinketeko Munduko Txapelketan ere ordezkatu zituzten euskal koloreak. Naroa Saez Arregi orozkoarrak jantzi zuen selekzioaren elastikoa bertan, Olgetan taldeko Naroa eta Olatz Zulaikarekin batera. Orozkoko uztak "ilusioz" heldu zion Euskal Selekzioa ordezkatzeko erronkari.
Gehiago izan dira kirola gizarte-aferetatik aparte ez dagoela erakusten duten adibideak; Maderas de Llodioko grebalariek Urduñako Mendi Lasterketan jasotako babesa izan daiteke horietako bat. 2026an ere lotuta etorriko dira, ziur, kirola eta aldarrikapena.