Urte benetan bizia da 2025 Aiaraldeko zenbait hekuntza komunitaterentzat. Izan ere, erronka handiak hartu dituzte aurten eta milaka lagun bildu dituzte zenbait ikastetxek. Ospakizunak alde batera utzita, ezin da ahaztu eskola publikoak greba jardunaldi luzeak izan dituela, harik eta sindikatuek eta Eusko Jaurlaritzak akordioa lortu duten arte.
Izan ere, hezkuntza sistema publikoan lege berria onartu zenetik aldarrikapena etengabeko errealitatea bilakatu da eta, hain zuzen, Areta Herri Eskolaren mendeurrenean islatu da. Hasteko, efemeride harrigarri hori bultzada emateko 2023an egondako gatazka eta erantzuna baliatu dute erregai gisa. Oroitu beharra dago urte horretan Hezkuntza Sailak iragarri zuela 3 urteko gela itxiko zela. Erabakiak Areta eta Aiaraldeko milaka lagun mobilizatu zituen eta, aldi berean, ikasle ohi eta guraso askoren artean ikastetxearen garrantzia baloratzeko beharra jarri zuen mahai gainean. Ez soilik hezkuntzaren esparruan, baita Aretan komunitatea sortzeko eta egituratzeko duen gaitasunagatik.
Areta Herri Eskolak 100 urte bete ditu, Antzinako Andra Maria ikastetxeak 60 eta Urduña Herri Eskolak 30. Gainera, Euskal Eskola Publikoaren jaia ospatu dute Urduñan eta 2026an Araba Euskaraz Amurrion izango da.
Balio horiek ardatz hartuta, hezkuntza komunitate aretarrak ahalegin handia egin zuen ez bakarrik ekainaren 14an ospatutako jai erraldoian -400 lagunek baino gehiagok parte hartu zuten bazkarian soilik-, baizik eta belaunaldiz belaunaldi eraikitako katearen aztarna betikotzeko bi lanekin. Alde batetik, liburua argitaratu zuten. Bestetik, dokumentala. Biak gauzatzeko deialdi zabala egin zuten mende luze horretan eskolatik igaro diren adin anitzeko aretarrak biltzeko eta euren lekukotzak jasotzeko.
Urduña epizentro
Aretako mende bateko historiak aparteko arreta merezi badu, Urduñak ez du gutxiago merezi. Izan ere, 2025ean ospakizun andanaren agertokia izan da. Horietako bi efemerideetara ere zeuden lotuta. Alde batetik, Antzinako Andra Mari Eskolak 60 urte bete ditu. Kopurua ez da makala izan eta urriaren 11n ikasle ohi mordoak ikastetxean bertan elkartu ziren bizipen partekatuak berpizteko.
Xumeagoa izan zen Urduña Herri Eskolaren 30. urteurrena, zeina ekitaldi jendetsuarekin ospatu zuten azaroan, ikastetxearen logo berria aurketuta, besteak beste. Dena den, ulergarria izan zen Herri Eskolak bere indarrak neurtu izana udazkenean. Izan ere, urte osoko egitasmo oso potentea izan dute indarrean 2025ean, Euskal Eskola Publikoaren jaia hirian egin baitzuten ekainaren 1ean.
Egitarau zabala eta jendetza erakarri ez ezik, egun horrek hezkuntza sistema publikoaren aldarrikapena ere jarri zuen lehen lerroan eta Begoña Pedrosa Hezkuntza Sailburuak albistea utzi zuen; Urduñako Herri Eskolak sukaldea izango duela. Eusko Jaurlaritzako ordezkariak ez zuen aparteko xehetasunik eskaini eta modu orokorrean azaldu zion Aiaraldea Komunikabideari egitasmo zabalagoa izango dela eta hiriko eskola barruan egongo dela. Momentuz, hitzak ez dira ekintza bilakatu, baina ez dago soberan gogoratzea urduñarrak aitzindariak direla, tokiko ekoizpenean oinarritutako menuak eskaintzen. Hori bai, otorduak ez dira eskolan bertan prestatzen, Urduñako nagusien egoitzan baizik, non sukalde zentrala dagoen, ikastetxetik metro eskasetara.

Agur mojei
Urduña hizpide egon bada arestian, eta han ere agur esan badiete moja batzuei -Beloradoko monastegian daudenak-, hezkuntza munduak bestelako mojei esan die agur; Karitateko Alabei. Ordena horretako emakumezkoek 103 urtez egon dira Laudioko La Milagrosa Ikastetxean, baina aurten jakinarazi dute hezkuntza zentroa utzi zutela irailaren 1ean. Lau kide beterano geratzen ziren herrian eta jadanik ez dira han bizi.
Egindako ibilbidea ixteko eta eskolako ikasle zein irakasleen aitortza jasotzeko, irailaren 27an omenaldia izan zuten eskolan bertan.

2026an Amurriora itzuliko da Araba Euskara jaia, eta dagoeneko hasi dira motorrak berotzen.
Araba Euskaraz 2026
Iragana, zalantzarik gabe, pisu handia izan du 2025ean, baina etorkizuna ere hasi dira marrazten batzuk. Esaterako, Aresketa Ikastolak badaki ekainera arte lan handia izango duela, Araba Euskaraz jaia Amurrion izango baita. 'Taupadak berpiztu' izango da ekainaren 14ko ospakizunaren lema eta urrian aurkeztu zuten. Aipatzekoa da 2020an pandemiak zapuztu zuela urte horretako edizioa Amurrion eta jadanik itzuli dela herrira hitzordu garrantzitsu horri.

Etorkizuna oraina da
Aipatu bezala, efemeride sortak atzera begira jarri du hezkuntza komunitatea 2025ean maiz, baina horrek ez du esan nahi ikastetxeek iparra galdu dutenik eta horren adibidea da pantailen erabilerak suposatzen duen erronka ez dela baztertu. Azken urteotan sare sozialek eta smartphoneek gazteen buru osasunean duten eragin tamalgarria agerian jarri dute ikerketa eta txosten ugarik eta hori guztia ez da oharkabean pasa irakasle eta gurasoentzat. Ondorioz, ikastetxe publikoek zein itunpekoek indarrak batu dituzte adingabeek harreman osasuntsua izan dezaten teknologia berriekin. Otsailaren 5ean bildu ziren horretarako eta konpromiso handiena da hezkuntza zentroak telefono adimendurik gabeko espazio bihurtzea. Ez da erronka makala proposatu dutena.
Amaitzeko, Araban egitasmo aitzindaria abiatu du Amurrioko Mendiko Eskolak, jantokian soberan dagoen janaria herritarren eskura jarri baitute elkartasun vending makina baten bitartez. 2030 Agendako helburuekin bat egiten du, soberakinak eta hondakinak ez sortzeko eta elikagaien xahuketa ekiditeko, CO2 isurketak ere murriztuta.