“Autonomia eta konfiantza irabazteko balio du programak”

Txabi Alvarado Bañares 2026ko urtarrilaren 9a

Izaskun Aranzasti eta Julene Rodriguez Asasamen Laudioko bulegoaren aurrean. / Aiaraldea.eus

IZASKUN ARANZASTI (Bilbo, 1996) eta JULENE RODRIGUEZ (Laudio, 2004) Asasam elkarteak abian jarritako Gazteekin programaren langilea eta erabiltzailea dira, hurrenez hurren. Egitasmo berri horren nondik norakoen inguruan mintzatu dira. 

Gazteekin programan zabiltzate langile eta erabiltzaile moduan. Zertan datza egitasmo hori?

Izaskun Aranzasti: Pandemiaren ondorioz ikusi zen gazte gehiago zetozela buru osasun arazoekin. Proiektu pilotu bat martxan jartzea erabaki zen orduan, 15-26 urte bitarteko gazteei zuzendutakoa. Proiektuaren helburua da buru osasun arazoak dituzten gazteei ongizate emozionala bermatzea. Horretarako, esku-hartze indibidualak egiten ditugu, eta komunitatean aritzen gara, egoera normalizatuz. Gazteei kezkatzen dieten gaiei buruz hitz egiten dugu, lagunei edo familiari galdetzera ausartzen ez diren kontuen inguruan… Horrez gain, talde-ekintzak egiten ditugu, gazteen arteko gune seguru bat sortu eta elkar ezagutu daitezen, pertsona asko isolatuta daudelako eta ez dutelako babes-sarerik. Konfiantzazko zirkulu bat sortzen dugu, Asasameko jardueretatik harago ere euren kabuz ekintzak egitea ahalbidetuko diena.

Familiekin ere egiten dugu lan, tresnak eta babesa emateko prozesu osoan zehar. Askotan egoera berriak dira eurentzat eta ez dakite nola kudeatu. Galduta sumatzen dute euren burua, batzuetan buru osasun arazoak adin honetan egon daitekeen jarrera txarrarekin nahasten delako. Horregatik, gaixotasuna eta bere sintomak azaltzen dizkiegu, etxeko dinamika hobetzeko.

Zer nolako jarduerak egiten dituzue?

Julene Rodriguez: Zinemara edo museoetara goaz, eta tailerra ere egiten ditugu, sexualitateari edota trebetasun sozialei buruzkoak kasu.

Taldean gaudenean gainontzeko kideek lagundu egiten didate nire arazoak konpontzen. Esku hartze indibidualetan, aldiz, Izaskunen lagundu egin nau nire kabuz kudeatu ezin nituen gauzak bideratzen: Udalera joan, dokumentazioa bete…

I.A.: Esku hartze indibidualetan akonpainamenduak ere egiten dira: Lanbidera, Udalera, ikastaro batean izena ematera… euren kabuz egiten duten azkenean, baina laguntza eta gida lanak egiten ditugu. Asasamek badu gizarte langile bat paperak betetzen laguntzen diena, baina nik tokietara laguntzen diet.

J.R.: Mendekotasunaren dokumentazioa osatu behar izan nuenean, adibidez, paper bat nuen kontu bakoitzerako, eta Izaskunekin denak ordenatu ahal izan nituen karpetan batean, une bakoitzean zein entregatu behar nuen jakiteko.

Asteko ordutegiak ere osatzen ditugu, errutina batzuk ezartzeko.

Urtebete daramazue programan. Zer nolako balorazioa egiten duzue?

J.R.: Lehen gauza guztiak egiten zizkidaten, eta orain askeago nabaritzen naiz, konfiantza gehiago daukat. Sortutako sarea ere hor dago. Asteburu batzuetan programako kideen artean geratzen gara gure kabuz, planen bat egiteko.

I.A.: Batzuetan tokiz kanpo nabaritzen dira zirkulu honetatik kanpo, eta hemen badute zerbait komunean, hitz egin dezakete, eta espazio seguru bat sortzen da beste pertsona batzuekin agian hitz egin ezin ditzaketen gauzak partekatzeko.

Julenek, adibidez, urduritasun gutxiago dauka, eta hobekuntza nabaritu du gaixotasunetako batzuetan. Guztiek nabaritu dute hobekuntza, batzuk gaitasun berriak lortu dituzte edota lanean hasi dira.

Pertsonan zentratutako programa da, norbanako bakoitzeko helburu zehatz batzuk landuz. Partaide gehienek berriki garatu dute gaixotasuna. Zerbait berria da eurentzat, onartu behar dute, botikak hartu… gainera, adin honetan eragin handia du kanpokoen iritziak. Hori guztia lantzen dugu.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide