Eusko Jaurlaritzak gaurko aldizkari ofiziala baliatu du Ferosca zentral eolikoaren ingurugiro-inpaktuaren adierazpenari buruz hartu duen erabakia jakinarazteko eta emaitza ez da izan enpresarentzat onuragarria. Izan ere, proiektuaren hegoaldeko hiru aerosorgailuei ez die baimenik eman, hau da, Aiaran kokatuta daudenei. Laudion daudenei soilik eman die oniritzia.
Laburbilduz, horrek esan nahi du aurreikusitako 4,5 MW-ko potentziako eta 113 metroko altuerako aerosorgailu kopuruaren erdia eraikitzeko debekua jaso duela Ferosca Wind konpainiak.
Bioaniztasuna babesteko neurria
Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailak argi eta garbi adierazi du hiru aerosorgailu horiek okupatu nahi zuten eremua balio handia dutela ingurumenari dagokionez eta enpresak proposatutako prebentzio neurriek ez dutela balio.
Hain zuzen, txostenak aipatzen du behin baino gehiagotan azpiegiturak kaltegarriak izan daitezkela miru gorriarentzat eta hainbat saguzar motarentzat, bereziki, Barbastella barbastellus espeziearentzat, desagertzeko arriskuan dagoena.
Halaber, erakunde publikoak kargu hartu dio enpresari, saguzarren babeslekuak identifikatzeko ahalegin nahikorik ez duelako egin.
Alegazioak
Aiaraldeko Mendiak Bizirik plataformak gogoratu du hainbat erakundek aurkeztu dituztela alegazioak proiektuaren kontra: Laudioko Udalak, Aiarako Udalak, Arespalditza, Luiaondo eta Murgako Administrazio Batzarrek, UAGA sindikatuak... Baita 2.356 herritarrek ere.
Gauzak horrela, eta aintzat hartuta Eusko Jaurlaritzak aerosorgailu kopuruaren erdia baino ez duela baimendu, enpresak erabaki beharko du aurrera egingo duen egitasmoarekin.
Izan ere, plataformak gogoratu duenez, badaude bestelako baimenak eskuratu behar dituenak —hirigintzari lotuak— eta horiek, printzipioz, Udalen eskumena lirateke.