ANALISIA

Marmotaren eguna: zerbitzu ezegokiak Aiaraldeko mugikortasunean

Aitor Aspuru Saez 2026ko urtarrilaren 17a

Tren zerbitzuko gabeziak agerian geratu dira beste urte batez. / Aiaraldea.eus

2030 Agendak ezartzen du egungo eta etorkizuneko erronketako bat mugikortasunarena izango dela, erregai fosilen gainbehera eta sortzen duten kutsaduraren ondorioz. Hala ere, eskualdean urtero errepikatzen dira arazoak esparru horretan, izan Renfen edo Arababusen.

Garraio publikoa etengabeko gatazka iturri bilakatu da Aiaraldean. Izan ere, nahiz 2030 Agendak eta hainbat erakundek ezarri duten trantsizio energetikoaren erronketako bat ibilgailu pribatuen CO2 isurketak modu erradikalean murriztea dela, konponbidea ez da heltzen.

Alde batetik, eskualdean topikoa da RENFEko C-3 lineak sortzen dituen buruhausteen inguruko txantxak egitea. Urte hasieran bazirudien arazo horiek konponduko zirela; gidari kopurua egokia zen eta zerbitzua biderkatu zuten. Hortaz, nahiz eta trenek atzerapenak izan, aukera ugari zeuden hartzeko eta aitortu beharra dago, halaber, Gobernu Espainiarraren prezioak ekonomikoak direla. Edonola ere, uda ostean etorri zen zaplaztekoa. Basauriko tren geltokian egiten ari diren lanak direla medio, uda aurreko zerbitzu maiztasuna ez da berreskuratu, alegia, %30ean murriztu da. Horrek arazoak ekarri ditu, bereziki, Aiaran eta Urduñan, non herritarrek oztopo larriak dituzten orain lanera joateko goizeko lehenengo orduetan eta gauean itzultzeko.

Horrez gain, burdinbide bakarra geratu denez erabilgarri, bidaia 10 minututan luzatu da. Hau da, 20 minutu gehiago egunero joan etorria. Egoeraren ondorioz, Urduñako eta Amurrioko alkateek bilera eskatu zuten RENFEn, baina ikusita aurrepausorik ez dela gertatu, Garraio Sailburuarekin elkartzea ez dute baztertzen.

Arabako Foru Aldundiko Arababus autobus zerbitzuak ere erakundeen eta herritarren arteko talkak eragin ditu Aiaran eta Okondon. Aiaran 1.600 sinadura batu zituzten exijitzeko RENFEko ordutegi aldaketa eta L-15 eta L-16 lineetako autobusak Luiaondon geratzeko. Urte amaieran, Aiarako Udaleko talde politiko guztiek adostu zuten eskatzea Foru erakundeari aldarrikapen hori asetu dezan hurrengo lizitazioan.

Arabako Foru Aldundiko Arababus autobus zerbitzuak ere erakundeen eta herritarren arteko talkak eragin ditu Aiaran eta Okondon.

Okondoko Udalak ere desadostasuna adierazi dio Jon Nogales Garraio Diputatuari. Horren arrazoia izan da Arababus zerbitzuaren 16. linearen ordutegia egokitzea proposatu dutela. Zehazki, autobusaren irteera 08:35etik 07:50era aurreratzea. Udalaren aburuz, hobekuntza onargarria da eta 60 ikasle okondoarrei ahalbidetuko lieke Laudioko eta Amurrioko ikastetxeetara garaiz iristea, "zerbitzuaren gainerako erabiltzaileengan eragin negatiborik izan gabe". Eta ikasleak aipatuta, 2025ean ere hutsune nabaria egon da Leioako Unibertsitatera joateko. Beste urte batez, ez da egon garraio publiko zuzenik eskualdetik EHUko kanpusera joateko eta, ibilbidea egiteko garraio pribatua baliatu behar dute, derrigorrez, gazteek. 

Hobekuntzak

Albiste onak ere egon dira, bereziki pentsiodunek eragindako presioagatik, Aiaraldetik Usansoloko ospitalera joateko autobus zerbitzu zuzena eskaintzeko hitzarmena aurkeztu dute Arabako eta Bizkaiko Foru Aldundiek. Ordu erdian murriztuko ditu eskualdeko erabiltzaileen bidaia denborak.

Kudea Go!

Trantsizio energetikoa hizpide, aipatu beharra dago herritarrek ere euren aldetik ekarpena egin behar dutela eredua aldatzeko. Zentzu horretan, momentuz, jendeak nahiago du garraio pribatuaren erosotasuna eta argigarria da Aiaran gertatutakoa. Izan ere, hango Udalak Kudea Go! aplikazioa kontratatu du aiararrek ibilgailua partekatu dezaten eta herritar gutxi batu dira ekimenera.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide