Askotan esaten da trenbidea dela Aiaraldearen bizkarrezurra. C-3 lineak konektatzen du eskualdea Bilborekin, baina baita alderantziz ere. Ez gara irla batean bizi. Azken urteetan nabarmen handitu da hiriburuetan kale egoeran bizi den pertsonen kopurua, eta eskualdera ere iritsi da fenomeno hori, trenez, literalki.
2024ko udazkenean hasi ziren agertzen horren zantzuak. Kale egoeran dauden pertsonen zenbaketa egin zen orduan hainbat udalerritan, eta Laudion 15 kontabilizatu zituzten orotara. Igoera nabarmena izan zen, aurreko kontaketan (2022koan) ez baitzen egoera horretan zegoen pertsonarik identifikatu herrian. Dena dela, igoera orokortua izan zen. Bilbon 340tik 895era igaro zen etxegabeen kopurua bi urtetan, eta EAEn 658tik 1541ra.
Eta hori datu ofizialak soilik kontuan hartuta. Izan ere, kopuru horiez kezkaturik, herritar batzuk (gerora Ondo Etorri harrera elkartean bilduko zirenak) antolatzen hasi ziren, egoerari erantzun bat emateko asmoz, eta berehala konturatu ziren Laudion zenbaketan ondorioztatutakoa baino jende gehiago zegoela kale egoeran bizitzen, eta zifra are gehiago handitzen zela eskualde osoko errealitateari erreparatuz gero.
Ondo Etorri elkartea
Ekainean aurkeztu zen Ondo Etorri Laudio Harrera Herria elkartea, helburu bikoitz batekin: kale egoeran bizi den jendearen “bidelagun” izatea alde batetik, eta “narratiba arrazistei aurre egitea” bestetik. Udan eman zuten horretarako lehen urratsa, topagune bat atonduz ostegunero Laudioko Herriko plazan. Udazkenean Orbeko Etxera mugitu zuten gunea, ekimenari jarraipena modu jasangarriago, eroso eta eraginkorragoan emateko. Gaur egun, arropa garbitzeko aukera eskaintzen dute bertan, arropa biltegia kudeatzen dute eta afariak antolatzen dituzte ostegunero, kale egoeran bizi den jendearekin elkarlanean.
2024an Laudion eginiko zenbaketan 15 pertsona identifikatu ziren kale egoeran bizitzen, baina laster geratu zen agerian kopurua handiagoa dela.
Elkarteko kideek azaldu dutenez, aurreikuspen guztiak gainditu ditu ekimenak. Gaur gaurkoz 30-40 pertsona inguru bertaratzen dira ostegunero Gardea auzoko gune autogestionatura. Kalean edo eraikin abandonatuetan bizi diren pertsonak dira, 18-30 urte bitartekoak gehienak, ia guztiak gizonak, guztiak migratuak. Gehienak egoera irregularrean daude, helduen eskolan edo lanbide heziketan daude ikasten, eta bi urteko egonaldiaren langa gainditzea dute ortzimugan, prestakuntza bidezko errotzea eskatu ahal izateko.

Instituzioen erantzukizuna
Orbeko Etxeak berotasuna eskaintzen duen arren, espazio horretan ez dira kale egoeran bizi diren pertsonek beharrizan guztiak kabitzen. “Guk ezin ditugu haien behar nagusiak asetu. Ez gara ez instituzio bat ez baliabide ekonomikoak dituen elkarte bat”, adierazi zuen Ondo Etorri elkarteko Garazi Beldarrainek Aiaraldea Komunikabideari eskainitako elkarrizketan.
Taldeko kideen hitzetan, instituzioak ezer gutxi egiten ari dira tamainako egoera larriari erantzuna emateko. Gaur gaurkoz, neguan sartuta gauden honetan, ez dago larrialdiko aterperik eskualdean kale egoeran bizi den jendearentzat, ez programa bereziturik, ezta hizkuntzaren muga gainditzen lagundu ahalko lukeen itzultzaile bakar bat ere.
Horri gehitu behar zaio baita errolda sozialaren afera, Ondo Etorriko kideek “urgentziazkotzat” jo dutena, gainontzeko eskubideak lortzeko lehen urratsa delako. Gainera, abiatu diren politika sozial apurrak oldarraldi arrazistarekin egin dute talka bete-betean. Horren adibidea da sortutako polemika Laudioko Udalak (Gurutze Gorriarekin elkarlanean) kale egoeran bizi den jendeari kiroldegiko dutxak erabiltzen uzte hutsagatik. Lapurreten, segurtasunaren eta okupazioaren inguruko eztabaidak jarri dira lehen lerroan. Horren ondorioz, kale egoeran bizi diren pertsona migratuen aldeko balizko neurriak are baztertuagoak geratu dira, tokiko erakunde guztiek dakitelako ez direla bereziki errentagarriak politikoki, kontrakoa baizik.
Egoera horretan, ausardia politikoa behar da erakunde publikoen zein herri mugimenduen partetik, Aiaraldea, geltoki bat gehiago izatetik, geratzeko moduko toki bat izatera igaro dadin.