Ez dira garai xamurrak euskararenak. Azken hamarkadetako susperraldia eten, eta “larrialdi linguistiko” betan murgildu da. Horrela ohartarazi du Euskalgintza Kontseiluak. Oldarraldi judizialak eta politikoak ez ezik, beste hainbat faktorek eragin dute euskalduntze prozesuaren apaltzean: kale erabileraren beherakada nabaria, erreferente falta, atxikimendu falta… Kezkarako arrazoiak ez daude soberan.
Euskara gabe ez gara
Egoeraren larritasunaz jabetuta, Euskara Gabe Ez gara manifestuaren aterpean elkartu dira Aiaraldeko hamairu ikastetxe. Ekainean aurkeztu zuten manifestua, eta euskalduntze prozesuan eragiteko konpromisoen dekalogoa.
Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluak sustatutako Hezkuntza Foroa du manifestuak abiapuntu. Urtebeteko hausnarketa prozesu sakon baten ostean, ikastetxeetan igartzen zuten atzerapausoari erantzuteko beharra plazaratu zuten eskualdeko hezkuntza zentroek. Ikastetxe guztiek egin dute bat egoeraren irakurketan: euskararen erabilerak nabarmen egin du behera eta ikasleek hizkuntzarekiko duten lotura afektibo-emozionala oso murritza da. Ez dira, ordea, egoeraren irakurketan korapilatu, eta joera negatiboa iraultzeko neurri zehatzak proposatu dituzte. Neurriok, baina, ikastetxeetako mugak gainditu behar dituztela aldarrikatu dute, erakunde publiko eta familien inplikazioa eskatu dute euskalduntze prozesua berriro ere hauspotzeko: “Euskal hiztun aktibo izateak ezin du soilik lotura izan behar hezkuntza formalarekin”.

Ziklo aldaketa
Euskalgintza bide berriak argiztatzeko lanetan den honetan, ziklo bat itxi berri du aurten Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluak. Hamarkada batean eskualdeko bederatzi udalerriek hartu dute Aiaraldeko Euskararen Eguna antolatzeko lekukoa. Okondok itxi zuen erronda, iragan azaroaren 30ean. “Lorpen handitzat” jo du hori Ane Izquierdo Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluko kideak: “Herriz herri Euskararen Egunaren antolatzeak aukera ematen die bertako euskaltzaleei udalerriaren egoeraz jabetu eta bertan eragiteko”.
Aurrerapausoak behar ditu euskarak; hizkuntza politiketan ezinbestekoa eta premiazkoa da jauzi sendoa bultzatzea.
Baina ziklo amaierak ez dio soilik Euskararen Egunaren antolakuntzari erreparatzen. Datorren urtetik aurrera plan estrategiko berria garatuko du Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluak, orain arteko bide berdinari eutsiz: “Eskualdean euskaraz bizitzeko ahaleginean sakontzea”. Iraungitzear den plan estrategikoaren balantze positiboa egin du Izquierdok, proiektu ugari aurrera atera direla aldarrikatuz. Euskararen mapa dinamikak ikastetxe eta herrietan izan duen garapena da horren adibide. Ezin aipatu gabe utzi Gurasoleku dinamikaren hedapena: azken ikasturtean Okondo eta Artziniegara iritsi da, eta, ondorioz, eskualdeko ikastetxe guztietan inplementatu dute 2021ean abiatutako dinamika, 500 familia baino gehiagoren parte hartzearekin.
Baina izan dira zailtasunak ere; bereziki oztopo ekonomikoak azpimarratu ditu Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluko arduradunak, “baliabide ekonomiko faltak lana oztopatu digu”. Oztopo horiek gainditzea izango du premiazko erronka Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluak hasi berri den 2026. urtean, eta horretarako erakundeen inplikazioa galdegin zuen Okondon ospatutako Euskararen Eguneko ekitaldi nagusian.
Pizkunde berria
Euskarak bizi duen kinka larriaz jabetzea ez da nahikoa. Aurrerapausoak behar ditu euskarak. Hizkuntza politiketan ezinbestekoa eta premiazkoa da jauzi sendoa bultzatzea. Pizkunde berri bat. Indartuta eta batasunez ekingo dio euskalgintzak 2026. urteari. Mugarri garrantzitsuak izango dira urte berrian; hala nola, Xiberutikan Mendebaldera euskararen aldeko olatua altxatuz. Euskal herriko zazpi lurraldeak zeharkatuko dituen Korrikaren 24. edizioa.
Baina ekimen handietatik haratago ere, eguneroko lana eta konpromisoa behar ditu gure hizkunztak. Guztion ardura da euskara.
