Urtero bezala, Tindufeko kanpamentuetara bidaltzeko elikagaien bilketara deitu du Amurrioko Saharar Elkarteak eskualdean. Azukrea, arroza, lekaleak, pasta, konpresak eta atun zein sardina latak bildu nahi dituzte nagusiki, eta eskualdeko hainbat puntutan egin ahalko dira ekarpenak, egun eta ordutegi zehatzetan.
Hain zuzen ere, Laudioko eta Amurrioko Eroski supermerkatuetan hilaren 30a eta 31 izango dira bilketa egunak. Artziniegako Unide eta Dary dendetan, ordea, urtarrilaren 26tik otsailaren 3a bitarte eman ahalko dira jakiak.
Laudio Ikastola ere izango da bilketarako puntua eta bertan, elikagaiez gain, helduentzako pixoihalak ere bilduko dituzte. Urtarrilaren 20tik otsailaren 5era egingo da bilketa ikastetxeko idazkaritzan, 8:00-16:00 bitarteko ordutegian.
Kontu korronte zenbaki bat ere zabaldu du Saharar Elkarteak: ES79-3035-0089-16-0891041001 (Laboral Kutxa, Asoc, Amigxs de la RASD Amurrio). Modu horretan, elkarteak berak erosiko lituzke elikagaiak herritarren ekarpen ekonomikoekin.