Aiaraldeko industriaren egoera lehen planoan egon da ia uneoro 2025ean zehar. Guardianen itxierak markatu zuen urtearen hasiera, eta Maderas de Llodioko langileen greba mugagabeak itxi du, Garnicak burutu dituen 39 kaleratzeen aurka.
Baina, zorigaiztoko bi mugarri horiez gain, industriaren egoerak bestelako titular batzuk ere utzi ditu aurten eskualdean, ohiko kaleratze edo itxieren dinamikatik aldendu direnak.
Otsailaren 27an aurkeztu zen Aiaraldea Lanean federazioa, eskualdeko enpresa eta autonomoen ahotsa izateko helburuarekin. Federazioko presidente Gorka Aguirre Estolaren hitzetan, orain arte eskualdean “lehentasun gehiegi” eman zaio enpresa handiari, “eta enpresa txikia ez da inoiz kontuan hartu”.
Bere ustez, enpresa txikien beharrak ez dira konpainia handiek dituzten berdinak. Iritzi hori berretsi ahal izan zuten federazioko kideek azaroan, eskualdeko 70 enpresari eginiko galdetegien emaitzak aurkeztu zituztenean. Izan ere, historikoki, bi izan dira enpresa handiek eskualdean zein Euskal Herrian izan dituzten kexa izarrak: lan-kostuak eta absentismo laborala, biak ala biak handiegiak direla defendatuta. Federazioak eginiko galdetegian ere azaleratu ziren bi kezka horiek, baina beste bat gailendu zen horien aurretik: langile kualifikatuen eskasia. Azterketan parte hartu zuten konpainien %65arentzat da hori arazo nagusia, besteen gainetik.
Aiaraldea Lanean federazioak hainbat ekimen jarri ditu martxan bere ibilbideko lehen urtean.
Horri erantzuna emateko lehen urratsa eman zuen federazioak abenduan, Aiaraldeko Eneplegu Azokaren lehen edizioa antolatuta. Bertan, lan bila dauden herritarrek aukera izan zuten aurrez aurre elkartzeko beharginen beharra duten enpresekin. Arrakasta nabarmena izan zuen ekimenak, eta edizio gehiago antolatzeko asmoa adierazi zuten antolatzaileek.

Adimen artifiziala ere izan da Aiaraldea Lanean federaziotik aurten jorratu duten beste ardatzetako bat. Kongresu bat eta jardunaldi batzuk egin zituzten iraila eta urria artean, teknologia hori eskualdeko enpresetan txertatzen laguntzeko. Antzeko helburuari erantzun zion Araba 4.0 eta Aiara Industrial Lab erakundeek urrian Amurrion antolatutako gosari teknologikoak. Eskualdeko hiru enpresen esperientziak (Envases, Kider eta Talleres Amets) entzuteko aukera egon zen bertan, ordezkari instituzionalen eta adituen hitzartzeez gain.

Industriaren aldeko mahaia
Erakunde publikoen aldetik ere egon dira mugimendu berriak. "Aiaraldearen etorkizun industriala" bermatzeko mahaiaren sorrera iragarri zuen Ramiro Gonzalezek urriaren 23an Arabako Foru Aldundiak Laudion duen egoitzan. Tokiaren eta dataren hautaketa ez ziren nolanahikoak izan. Astebete lehenago Maderas de Llodioko langileek bulego horiek okupatu zituzten sinbolikoki, Eusko Jaurlaritzaren zein Aldundiaren inplikazioa eskatzeko euren gatazkan.
Ahaldun Nagusiak eta Maderas de Llodioko langileek aurrez aurre egoteko aukera izan zuten beranduago. Azaroaren 26rako deitu zuen Aldundiak mahaiaren lehen bilera, eta Laudioko egur fabrikako grebalariek bertaraino eraman zuten protesta, Gonzalezi gutun bat entregatzeko. Gaur egungo arazo eta gatazkei irtenbidea ematearen premia aldarrikatu zuten testu horretan, lau aldarri zehatz nabarmenduta: kaleratzeak gelditzea, deslokalizazioak etetea, borrokaren kriminalizaziorik ez egitea eta inbertsio errealak gauzatzea.
"Aiaraldearen etorkizun industriala" bermatzeko mahaiaren lehen bilera egin zen azaroan, eta 2026an emango diote segida ekimenari.
Parte hartze zabala egon zen bileran. Tubacex, Tubos Reunidos, Vidrala, Amurrio Ferrocarriles edota Voestalpine enpresetako buruak egon ziren bertan, Amurrio, Laudio, Aiara, Artziniega eta Okondoko alkateekin eta Arabako Batzar Nagusietan ordezkaritza politikoa duten taldeekin batera. Aiaraldea Lanean federazioko kideak ere bertaratu ziren. ELA eta LAB sindikatuek, aldiz, uko egin zioten bertan parte hartzeari.
"Datozen hilabeteetan lantzeko oinarriak finkatzea" izan zen lehen zita horren helburua. "Aiaraldeko egoera industrialari buruzko erradiografia partekatuko dugu, ibarreko industriaren egoerari buruzko diagnostikoa osatzen duten elementu nagusiak adosteko. Diagnostiko partekatu hori izango da proposatzen dugun lan ereduaren oinarria", azaldu zuen Ramiro Gonzalezek bileran.

Gauzak hala, 2026an jarraituko duen kontua dela dirudi industria mahaiarena, eta ikusteke dago noraino iritsiko den, hainbat faktore baitaude horretan eragina dutenak. Alde batetik, ukaezina da mahai horren sorrera oso baldintzatua egon dela eskualdean 2025ean bizi izan zen koiunturagatik. Ez da kasualitatea egitasmoa Maderas de Llodioko langileen grebaren unerik gorenenetako batean aurkeztu izana. Gauzak hala, ikusteke dago Aldundiaren ekimena gai izango den egungo testuingurutik harago begiratu eta epe luzeagora jokatzeko, are gehiago kontuan hartuta mahaia jada herren jaio dela, sindikatu nagusien parte hartzerik gabe.
Bestetik, ikusteke dago baita zer puntutara arte izango den posible akordio zabal eta eraginkorrak lortzea horren helburu ezberdinak dituzten agenteen artean. “Eskualdeko garapen industriala” oso kontzeptu zabala da. Printzipioz, ia edonor egon daiteke horrekin ados. Baina, mahaiak emaitza material ukigarriak izateko, kontzeptu zabal hori proposamen zehatzetan lurreratu beharko litzateke, eta orduan ikusiko litzateke benetan zer puntura arte diren bateragarriak eskualdeko herritarren interesak altzairuaren, beiraren zein hodien multinazional handiek dituztenekin.
