Jakin badakigu Palestinako herriak egun bizi duen genozidioa ez dela kontu berri bat, hamarkadetan zehar gertatutako okupazio, blokeo eta eskubide urraketen historia baten parte baizik. 2023ko urritik geroztik, egoera are gehiago laztu eta gaur egun oraindik dirauen krisi humanitarioa areagotu besterik ez da egin.
Lurraldearen eta bizitzen suntsiketak, lekualdatze behartuek eta mota guztietako bidegabekeriek herri oso baten egunerokoa zeharkatzen dute.
Irudi eta testigantza horiek mundu osora hedatu dira, eta agintari boteretsuei beste alde batera begiratzea leporatzen bazaie ere, urruneko errealitate horrek elkartasun keinuak piztu ditu komunitate txikietan. Isiltasun konplizearen aurrean ere, Aiaraldeak ez dio Palestinari buruz hitz egiteari utzi.
Herriz herri hedatu da
Eskualdeko herriek urte osoan zehar erakutsi dute konpromisoa bakoitzak bere neurri eta erara, genozidioa salatzeko eta Palestinaren aldeko elkartasuna adierazteko. Keinu isolatuak baino gehiago izan dira: urte osoan zehar ehundu den sare sozial eta politiko baten isla.
Hainbat ikastetxetan, esaterako, hezkuntza komunitateak aktiboki parte hartu du Gure Haurrak ere Badira ekimenarekin bat eginez, eta haurren begietatik begiratu diote gerraren gordintasunari. Herrietako kale eta plazek ere hartu dute aldarria.
Egindako mobilizazio zein omenaldiez gain, nabaria izan da jai giroan gaiak hartutako zentralitatea. Laudion, esaterako, jai-kuadrillek daramatzaten pankartetan izan zuen isla. Amurrion ere bai karrozen desfile arrakastatsuan eta baita txosnaguneko iruditegian ere presente egon zen, eta Arrankudiagan, berriz, herritarrek kamiseta bereziak sortu zituzten elkartasun mezua soinean eramateko helburuz.
Eskualde osoan zabaldu da Palestinaren aldeko aldarria, mota eta tamaina askotako protesten bidez.
Elkartasun jaialdia
Urtea amaitzear izan denean, herriz herri metatutako indar horrek topagune argi eta esanguratsua izan zuen abenduaren 13an. Aiaraldeko Ekintzen Faktoriak, eskualdeko hainbat artista eta militanterekin elkarlanean, hartu zuen Palestinaren aldeko elkartasun jaialdia, egun osoko egitarau zabal batekin.
Herritar ugarik egin zuten bat ekimenarekin, eta Palestinaren aldeko aldarria espazio komun batean partekatzeaz gain, komunitatea egiteko ere baliatu zuten hitzordua, agerian geratu zen urruneko errealitate batek ere hurbileko loturak sortzeko duen gaitasuna. Edozein laguntza palestinarrak bizitzen ari direna leuntzeko nahikoa izango ez delako jakitun, baina aldi berean ongi etorria izango delakoaren esperantzarekin, Gazara bidaliko dute ekimenari esker bildutako ekarpen ekonomiko guztia.
Isiltasunaren aurrean hitza hartzea, krudelkeria eta arroztasunaren kontrako hurbileko elkartasun keinuak izatea eta genozidioa salatzera kalera atera eta gorputzak jartzea erabaki dute urte osoan zehar hainbat eta hainbat aiaraldearrek.
Argi geratu da, beraz, Palestinaren aldeko aldarria ez dela une jakin bateko erreakzio hutsa izan eskualdean, denboran zehar iraun duen jarrera kolektiboa baizik, askotariko espazioetan txertatua eta herritar askoren konpromisoan sostengatua.