Kalean da Aiaraldea Hemen hamabostekariaren 2026ko lehen zenbakia. Urtarrilean ateak zabaldu zituen Gurdi Gaztetxeko kideak dira azaleko protagonistak. Izan ere Gurdigilea jatetxe ezaguna zenaren eraikinaren okupazioak aukera eskaini digu Laudioko topagune ezagun horren historia gertutik ezagutzeko.
Bestelako gaiak ere jorratu ditugu agerkariaren 32 orrialdeetan elkarrizketa eta erreportajeen bidez. Esaterako, urtebete bete duen Guardian fabrikaren itxiera izan dugu aztergai edota datozen egunetan bizi-bizi egongo den kintoen tradizio zaharra.
Hezkuntza eskaintza Aiaraldean
Aiaraldea Hemen hamabostekariak 8 orriko gehigarri berezia dakar oraingoan. Ikastetxeak Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako aurrematrikulazioan murgilduta daude uneotan. Gauzak hala, eskualdeko hezkuntza eskaintza jaso du Aiaraldea Komunikabideak gehigarrian.
Hauek eta beste hainbeste gai interesgarri aurkituko ditu irakurleak Aiaraldea Hemen hamabostekariko orrietan. Datozen egunetan banatuko da argitalpena eskualdeko saltoki, taberna, ikastetxe, kulturgune, liburutegi eta kaleetan, doan.