Irailean indarrean jarritako Amiantoaren Konpentsazio Funtsak bere lehen fruitua utzi du eskualdean. Izan ere, Jagoba Luengas abokatuak jakinarazi dio Aiaraldea Komunikabideari tokiko langile ohi batek 32.207,08 euroko kalte ordaina jasoko duela. Bere ustez, inguruko lehen kasua da honako hau.
Gizarte Segurantzak urtarrilaren 15ean onartu zuen ordainketa bakarra egingo ziola, beharginak azaroan eskaera aurkeztu eta gero.
Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalak adierazi dio langileari funtsaren oinarrietan jasotakoa ordainduko diola.
Hain zuzen, ekainean Ministroen Kontseiluak onartutako dekretu errealak hainbat kalte ordain zehaztu zituen garatutako lan gaixotasunaren arabera.
Aiaraldearraren kasuan asbestosia da bere gaitz profesionala, baina laringeko minbizirako 48.310,62 euro dira, birikien minbizirako 64.414,16 euro eta mesoteliomaren kasuan 96.621,24 euro jaso behar ditu amiantoaren biktimak.
Aipatu beharra dago Aiaraldeko industrian oso material erabilia zela amiantoa, bereziki siderurgiako labeetan eta hainbat lagun kaltetu zituela horrek, bai beharginak eta baita euren senideak ere.