Eskualdeko trikitilari eta panderojoleek hitzordu berezia izango dute otsailaren 21ean, Aiaraldeko Trikitixa Eguna ospatuko baitute data horretan, Artziniegan.
Eskualde osoko musikariak kalera ateratzeko eta trikitixaren bueltan elkartzeko asmoz sortutako egitasmoak laugarren edizioa beteko du aurten, eta antolakuntzako kideek parte hartzea handitzeko nahia adierazi dute: "Gustatuko litzaiguke askoz gehiago izatea. Badakigu gure eskualdean trikitilari eta panderojole asko daudela kalera jotzera ateratzen ez direnak. Horiei guztiei gonbidapena luzatu nahi diegu ere".
Aurtengo topalekua Artziniega izango da. Aurreko edizioetan Laudion, Aretan eta Amurrion elkartu dira trikitilariak eta antolatzaileek azaldu bezala, asmoa da urterik urte eskualdeko hainbat txokotan ospatzea jaia.
Laster jarriko dituzte tiketak salgai eta, aurreratu dutenez, honako taberna hauetan eskuratu ahal izango dira: Laudioko Araba garagardotegian, Aretako Tunel tabernan, Amurrioko Txokogorrin eta Artziniegako Villa tabernan.