Martxoaren 3an Gasteizen hil zituzten langileen odolak eskualdea ere zipriztindu zuen

Aitor Aspuru Saez 2026ko martxoaren 3a

Guardia Zibila Laudioko trenbidetik Aceroseko langileen protesta batean, 1980. hamarkadan. / Aiaraldea.eus

50 urte beteko dira polizia frankistak bost langile hil zituenetik Gasteizen. Greba mugagabean zeuden beharginak eta hilketen oihartzunak eragin nabarmena izan zuen Aiaraldean, greba espontaneoa eta mobilizazio jendetsuak piztu eta frankismoarekin apurketa gogoa islatu baitzituen.

Euskal Herrian, eta bereziki Araban, bereziki ez dago martxoaren 3a baino data seinalatuagorik eta aurten helduko da efemeridearen 50. urteurrena. 1976ko egun horretan Polizia Armatuak —grisek— langile batzar erraldoi baten kontra jo zuen Gasteizko Zaramaga auzoan eta unean bertan hiru behargin hil zituen tiroz: Pedro María Martínez Ocio, Romualdo Barroso Chaparro eta Francisco Aznar Clemente. Hurrengo egunetan zaurien ondorioz José Castillo eta Bienvenido Perea ere zendu ziren.

Gasteizko bost hilketekin ez zen amaitu odolustea. Martxoaren 5ean Juan Gabriel Rodrigo hil zuen errepresioak Tarragonan eta martxoaren 8an, aldiz, Vicente Anton Ferrero erail zuten Basaurin, buruan tiroa jaso eta gero..

Frankismoaren luzapena

Gasteizko langileek abiatutako greba Francisco Francoren heriotza baino egun batzuk lehenago Ministro Kontseiluak sinatutako agindu baten ondorioa izan zen, Txebe Alvarado garai horretako Aceros de Llodioko beharginak nabarmendu duenez.

Hain zuzen, inflazioa ekiditeko, erregimenak erabaki zuen soldaten igoerak debekatzea eta horren kontra egiteko hasi ziren lanuzte mugagabeak Arabako hiriburuan urtarriletik aurrera. Martxoaren 3an greba sute baten moduan zabaldu zen Gasteiz osoan, hiria erabat gelditu eta frankismoak, bere luzapenean eta behin diktadorea hilda, protesta gelditzeko tresna guztiak baliatu zituen, bortitzenak —balak, gasak...— baztertu gabe.

Grebalariekin elkartasuna

Aiaraldea ez zen bizi egun horietan Gasteizko errealitateari bizkarra emanda. Txebe Alvaradok berak oroitu duenez, Aceros de Llodio enpresa siderurgikoaren eta borrokan ari ziren grebalarien arteko harremana urtarrilean eta otsailean bizirik zegoen jadanik: "Modu erdi klandestinoan hasi ginen dirua biltzen laguntzeko".

Dena den, martxoaren 3an bertan Aiaraldean ez zen aparteko astindurik egon, eta hurrengo egunera itxaron behar izan zuten herritarrek gertatutakoaren neurria ulertzeko.

Diktadura: Kontrola eta zentsura heriotzen inguruan

Gogoratu beharra dago 1976ko testuingurua, ulertzeko zergatik martxoaren 3ko sarraskiak ez zuen berehalako erantzunik eragin Aiaraldean. Francisco Franco diktadorea hilabete gutxi lehenago hil bazen ere, Gobernuan zeudenek —Manuel Fragak, besteak beste— ez zuten asmorik erregimena eraldatzeko eta hedabideak erabat kontrolpean zituzten. Zaila zen informazioa eskuratzea eta are gehiago zabaltzea, jende gutxik baitzuen telefonoa —eta ez sakelakoa, baizik eta etxeko finkoa—. 

Are gehiago, informazio blokeoa hain handia zen ezen erailketen alboan zeuden asko ere ez baitziren jabetu gertatutakoaz, nahasmena eta isiltasuna erabatekoa baitzen diktaduran. Esaterako, Koldo Gaviña amurrioarra polizia tiroka hasi zenean bertan zegoen, baina ez zuen jakin izan tragediaren dimentsioa: “Langileen bilera bat egiten ari ginen, garai horietan egiten ziren beste asko bezalakoa. Elizan geunden eta polizia jendea kanporatzen hasi zen. Tiroak entzun genituen eta eraikinaren barruan geratu ginen ordu erdiz”.

Atera zirenerako jada ez zegoen ezer, anbulantziak baino ez. “Hurrengo egunera arte ez genuen jakin zer gertatu zen”.

Martxoaren 4ko lurrikara

Gauzak horrela, hilketen berriak hurrengo egunean hasi ziren heltzen eta eremu hartzaile zein zabaltzaile garrantzitsuena lantegiak izan ziren. Milaka eta milaka aiaraldear zeuden industriako ekoizpen lineatan eta kalean ez bezala, Guardia Zibilak ezin zuen kontrolatu zer gertatzen ari zen fabriketan.

Aceros de Llodio zen une horretan Aiaraldeko enpresa garrantzitsuena eta mantenuko atalean hasi ziren langileak adosten nola gelditu produkzioa. Txebe Alvaradok oroitu duenez, zuhurtziaz, bilera txikiak izan ziren, eta ideia mamitzeko goiz osoa behar izan zuten. Horrela, ijezketako produkzio lerro handiena gelditu zuten 16:00etan.

Milaka eta milaka aiaraldear zeuden industriako ekoizpen lineatan eta kalean ez bezala, Guardia Zibilak ezin zuen kontrolatu zer gertatzen ari zen fabriketan.

Aurretik, lantegian zehar sakabanaturik zeuden mantenuko beharginek ekin zioten lankideei komunikatzeari Gasteizko grebalariei elkartasuna erakutsi behar zitzaiela eta jarduera eten behar zela. Ordua heldu zenean, beharginak elkartu eta manifestazioa egin zuten enpresan bertan. Atalez atal joan ziren kide guztiak animatzen lanuztera batzeko. Azkenean, atarian bat egin zuten ehunka lagunek.

Lantegietatik herriko bihotzera

Baina protesta ez zen lanpostuetan gelditu. Aceros de Llodioko langileak errepidera atera ziren eta jende gehiago elkartu zitzaien. Norbanakoak zeuden euren artean, baina JEZeko kideak ere batu ziren. Giza uholdeak herriko plazara jo zuen.

Ikasleak ere borrokan

Enpresetako langileak, dena den, ez ziren bakarrik egon mobilizazioan. Laudioko Institutuan giroa sutan zegoen aurretik eta Gasteizko beharginen odola erregai gisa isuri zen hezkuntza zentroan. 

“Une horretan ikasleok oso ondo antolatuta geunden institutuan. Klase bakoitzeko ordezkari bat zegoen eta batzarra deitu genuen. Han denetarik eztabaidatzen genuen, abortua, feminismoa… eta martxoaren 3aren ondoren hitz egin genuen zerbait egin behar zelako. Azkenean, erabaki genuen klaseak uztea eta herriko plazan eserialdia egitea”, gogoratu dute Rosi eta Agustin Rojok. Garaiko institutuko ikasleak ziren, baina baita LKI eta Iraultza Taldeko militanteak ere. 

Ezkerreko talde trotskistarentzat Gasteizko hilketek mugarria izan behar zuten frankismoarekin amaitzeko. Erailketak diktaduraren agorpenaren isla ziren eurentzat eta eraldaketa sakonak eragingo zituztela uste zuten gazteek.

Horrela, Aceros de Llodio, JEZ eta beste enpresetako langileak —Envasesekoak, adibidez — kalea hartzen ikustean, zerbait benetan historiko eta garrantzitsua heltzear zegoela pentsatu zuten: “Une oso hunkigarria izan zen. Uste genuen erregimenarekin benetan apurtzea posible zela. Manifestazioa egin zen Laudion. Uste dut frankismoko lehen langileen manifestazioa izan zela”, azaldu du Agustin Rojok.

Hiru greba egun

Herriaren amorrua eta ezinegona ez zen egun berean loratu, baretu eta zimeldu. Mobilizatutako indarrek erabaki zuten martxoaren 5ean —eraildako langileen hileten egunean— lanuztea egitea, baita 6an ere. Asteburua igarota, protestak beste egun batez luzatu ziren eta martxoaren 8an ere inor ez zen joan ez lantokira ez ikastetxera.

Data horietan manifestazioak egin zituzten goizez eta arratsaldez eta parte hartzea 7.000 lagun ingurukoa izan zen.

Data horietan manifestazioak egin zituzten goizez eta arratsaldez eta parte hartzea 7.000 lagun ingurukoa izan zen.

Herritarren indar erakustaldiak jokoz kanpo eta izututa utzi zuen frankismoa, eta horren adibidea da Guardia Zibilak bere ohiko jarrera oldarkorra aldatu behar izan zuela egun horietan.

Txebe Alvaradok oroitu du, oro har, institutu armatuko kideak ez zirela agertu mobilizazioetan. Soilik martxoaren 8an egin zuten, eta nahiz eta batzarra eragotzi, ezin izan zuten manifestazioa ekidin.

Kepa Garrote Aceros de Llodioko langileak gogoratu du zer jazo zen: “Hesi bat osatu zuten plazan eta tiratzaileak jarri zituzten teilatu gehienetan. Baina geroz eta gehiago hurbiltzen hasi ginen. Guardia Zibilek atzera egin zuten orduan, harik eta paretaren aurka jarri ziren arte. Euren fusilen kanoiak ukitzera iritsi ginen ia, buelta eman eta alboko kaletik joatea erabaki genuen arte”.

Elkartasun handiagoa

Mobilizazio aroa martxoaren 9an jo zuten amaitutzat eta lanera itzuli zen eskualdea. Hori bai, lehen egun horretako soldata hildakoen familiak laguntzera bideratu zuten.

Elkartasuna ez zen enpresa handien beharginena bakarrik. Txebe Alvaradok azpimarratu du norbanakoek ere egin zituztela ekarpenak eta Laudioko institutuko ikasleek ikasbidaiarako bildutako dirua hara bideratu zuten ere.

Greben eta manifestazioen ostean, Laudioko Institutuko hiru ikasleren bila joan zen Guardia Zibila. Epi Zurimendi, Agustin Rojo eta Gerardo Aldamarengana, hain zuzen.

Errepresio ikusezina

Mobilizazioen indar erakustaldia handia izan bazen ere, ez zituen manifestariak guztiz babestu eta hori agerikoa izan zen Laudioko institutuan. Iraultza taldeko militanteen papera ez zen oharkabean pasa garaiko ikastetxeko zuzendariarentzat. “Josefa zuzendaria Fragaren jarraitzaile sutsua zen eta Udalean ere ordezkari gisa aritzen zen frankismoan”, argitu dute Rosi eta Agustin Rojo anai-arrebek.

Gauzak horrela, greben eta manifestazioen ostean, institutuko hiru ikasleren bila joan zen Guardia Zibila. Epi Zurimendi, Agustin Rojo eta Gerardo Aldamarengana, hain zuzen. "Epi Zurimendi oso garrantzitsua izan zen institutuan greba antolatzeko eta hori nabaritu zuen zuzendariak. Iraultza taldeko buruetako bat zen", azpimarratu dute Rojo anai-arrebek, iaz zendu baitzen Zurimendi.

Edonola ere, Guardia Zibilaren atxiloketetara itzulita, nahigabeko protagonistek ez dute ahaztu zer gertatu zen: “Adingabeak edo oso gazteak ginen guztiok. Banatu gintuzten eta esan ziguten zapaten lokarriak kentzeko. Uste genuen ez ginela onik aterako hortik. Kuartelera eramateko aitzakia izan zen Josefari ezinezkoa egiten geniola bizitza institutuan, baina argi eta garbi utzi ziguten ezagutzen gintuztela gu eta gure familiak. Ohartarazi ziguten kontu politikoetatik kanpo geratu behar ginela”.

Ondorioak ez ziren hor geratu eta ez ziren guztiz txarrak izan. Institutuko zuzendariak ikastetxetik kanpo nahi zituenez, gainditu zituen beste batera joateko.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide