Atzo goizeko 11:00etan bilera egin zuten Tubacex enpresako sindikatuek Amurrion. Batzarraren ardatza lan hitzarmen kolektiboa izan zen. Berez, duela urtebete baino gehiago hasi ziren zuzendaritzarekin negoziatzen eta ez dute akordiorik lortu.
Itun garrantzitsu horren sinaketa atzeratzen ari dela ikusita, STAT eta LAB erakundeek hitzordua prestatu zuten atzo, konpainiaren eta beharginen ordezkarien arteko elkarrizketak nolakoak izan diren azaltzeko. ELAk eta CCOOk ere parte hartu zuten.
Sindikatu bakoitzak bere aldarrikapenak aipatu zituen eta ezberdintasunak agerian geratu baziren ere, bileraren antolatzaileen ustez, emaitza positiboa izan zen, behargin ugari bertaratu baitziren eta elkarlana bilatzeko proposamenarekin amaitu baitzen.
Izan ere, desadostasunak desadostasun, badaude antolakunde guztiek partekatzen dituzten marra gorriak. Esaterako, enpresak lan orduak handitu nahi ditu eta sindikatu guztiak daude neurri horren kontra.