Tubos Reunidos

Aurrerapauso gutxi erakunde publikoen eta Tubos Reunidoseko langileen arteko bilera "gazi-gozoan"

Aimar Gutierrez Bidarte 2026ko otsailaren 13a

Eusko Jaurlaritza eta Arabako eta Bizkaiko Foru Aldundiekin elkartu dira Tubos Reunidoseko ordezkari sindikalak, multinazionalak aplikatu nahi duen Enplegua Erregulatzeko Espedientea aztertzeko. Erakundeek zorraren berregituraketan egin dute azpimarra, eta langileek fabrikaren bideragarritasunaren gaineko kezkak helarazi dituzte.

Eusko Jaurlaritzako eta Araba eta Bizkaiko Foru Aldundietako ordezkariekin batzartu dira gaur Tubos Reunidoseko ordezkari sindikalak, eta Txerra Molinuevo Amurrioko alkateak ere parte hartu du bileran, Trapagarango bere homologoarekin batera. Multinazionalak 301 kaleratze egiteko asmoa iragarri zuenetik langileek eta erakunde publikoek egiten duten lehenengo bilera da honakoa.

Bilera gazi gozoa izan dela aitortu dute enpresa batzordeko kideak Lakuako bulegoen atarian: “Jaurlaritza eta Aldundia zorraren berregituraketarekin daude tematuta, ez da ezer geratu argi”.

Greba eguna eta elkarretaratzea Lakuan

Bileraren hitzorduarekin bat eginez greba eguna egin dute gaur Tubos Reunidoseko beharginek Amurrioko lantegian; otsailaren 9az geroztik egiten duten bigarren lanuztea. Bart gauetik ari dira piketeak fabrikako sarreran elkartzen, eta grebaren jarraipena erabatekoa izan da gaur ere.

Goizeko bostetako piketearen ostean, autobusetan zein auto partikularretan abiatu dira grebalariak Gasteizera. Elkarretaratzea zuten deituta Eusko Jaurlaritzako Lakuako bulegoen aurrean, erakunde publikoen eta ordezkari sindikalen arteko bilerak iraun bitartean.

Mobilizazioa hasi baino hogei minutu lehenago jendetza zegoen elkartuta Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren aurrean. Ertzaintzak dispositibo zabala egin du bertan, sarrera nagusia hesituz. Ehunka lagun batu dira bi ordu baino gehiagoz luzatu den protestan. Konpainia tubularreko langileak ez ezik, beste hainbat enpresetako langileak ere elkartu dira, tartean greba mugagabean 147 egun bete dituzten Maderas de Llodioko beharginak.

Komunikabideen arreta nabaria ere erakarri du bilerak zein protestak, eta dozenaka izan dira Lakuako atean ordezkari sindikalen irteeraren zain egon diren kazetariak.

Zorraren berregituraketa eta enpresaren bideragarritasuna

Bilerak emandakoen inguruan galdetuta, zehaztasun gutxi egon direla aitortu dute sindikatuen ordezkariek. Eusko Jaurlaritza eta Aldundia zorra berregituratzearen beharraz mintzatu dira nagusiki, Oier Bidaurrazaga LABeko ordezkariak Aiaraldea Komunikabideari azaldu dionez: “Bueltaka eta bueltaka aritu dira horren inguruan”.

Langileen ordezkariek, ordea, fabrikaren bideragarritasunaren bermeetan jarri nahi izan dute fokoa bileran, eta bideragarritasuna multinazionalak aurkeztutako Enplegua Erregulatzeko Espedientearen aplikaziotik igarotzen den galdegin diete erakunde publikoei.

Izan ere, sindikatuek zail ikusten dute Amurrioko fabrikaren etorkizuna zuzendaritzak altzairutegia ixteko duen asmoa egikaritzen bada: “Altzairutegiak ematen dio bideragarritasuna lantegiari, horrek ematen dion malgutasunagatik”. Erakunde publikoek onartu dute azpiegitura horren faltak zailtasunak ekarriko dizkiola fabrikari.

Jose Antonio Jainaga Sidenorreko presidenteak “Euskadiko altzairutegi handia” sortzeko zituen asmoen inguruan ere modu zuzenean galdetu diote sindikatuek Eusko Jaurlaritzari, eszenatoki horretan Tubos Reunidos zegoen ala ez jakin nahian.

Gobernuko kideen arteko desadostasunak

Eusko Jarularitzako bazkide diren EAJ eta PSE-EEren arteko tirabirak agerian geratu dira gaurko bilkuran, bertan parte hartu duten ordezkari sindikalek Aiaraldea Komunikabideari azaldu diotenez.

Aste honetan Tubos Reunidoseko aferak desadostasuna sortu du Ramiro Gonzalez Arabako Foru Diputatuaren eta Javier Hurtado Arabako sozialisten buruaren eta Jaurlaritzako Turismo Sailburuaren artean. Gaurko bilkuran ere, jeltzaleek zuzendutako Industria Sailaren eta PSE-EEk gidatutako Enplegu Sailaren arteko desadostasun nabariak egon direla azaldu dute sindikatuek.

Ertzaintza piketean

Bilera bukatu aurretik, azken eskaria luzatu diete langileek Eusko Jaurlaritzari: Ertzaintzak Tubos Reunidoseko mobilizazioetan duen presentzia eta jarrera kontrolatzea. “Ez gara gaizkileak”, salatu dute.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide