2.000 euro arteko isunak ezarriko dituzte hondakinak baimendu gabeko edukiontzietan edo bide publikoetan uzteagatik

Txabi Alvarado Bañares 2026ko otsailaren 17a

Isunak ezarriko dituzte hondakinak behar bezala ez kudeatzeagatik. / Aiaraldeko Kuadrilla

Europako eta Espainiako Estatuko legedira egokitu dute orain arteko araudia, Kuadrillaren hitzetan. 

Hiri Hondakin Solidoen Kudeaketa arautzen duen ordenantza berritu du Aiaraldeko Kuadrillak. Tokiko erakundeak zehaztu duenez, Europako eta Espainiako Estatuko legedira egokitu dute orain arteko araudia. Modu horretan, jatorriaren bereizketa handitu nahi dute, zerbitzua eraginkortzearekin, isurketa murriztearekin eta ingurumena zein osasun publikoa babestearekin batera. Era berean, sentsibilizazioan eta ingurumen-hezkuntzan ere sakontzen du araudi berriak, "ereduaren arrakastarako funtsezko elementutzat" jotzen direlako. 

Horri lotuta, Kuadrillako arduradunek dei berezia egin dute altzarien eta tamaina handiko hondakinen bilketa-zerbitzua "behar bezala" erabiltzeko. Izan ere, nabarmendu dutenez, zerbitzu hori baliatzeko derrigorrezkoa da aurretik abisatzea, Línea Verde aplikazioaren bidez edo doako 900 101 476 telefono zenbakira deituta.

Era berean, mugak ere ezartzen ditu araudiak, bilketa-eskaera bakoitzeko gehienez m³-ko bolumena onartzen dela ohartarazita. Horrez gain, beste hainbat neurri ere zehaztu dituzte: "Hondakinak modu ordenatuan utzi beharko dira, arriskuak eta bide publikoan desordena saihestuz, betiere edukiontzi baten ondoan. Zerbitzuak barne hartzen ditu altzariak, koltxoiak, gailu elektriko eta elektronikoen hondakinak, lotuta edo poltsatan jarritako inausketa-hondarrak (adierazitako gehieneko bolumenaren barruan) eta gehienez 25 kilo inguruko lau zakuko obra-hondakinak".

Bilketa egunei dagokionez, honakoa izango da banaketa udalerrika:

  • Laudio: Astearte eta ostegunetan.
  • Amurrio: Ostiraletan.
  • Aiara: Hilabeteko lehen eta hirugarren asteazkenetan.
  • Artziniegan: Hilabeteko bigarren eta laugarren asteazkenetan.
  • Okondon: Hilabeteko lehen asteazkenetan.

Zehaztu dutenez, bilketa jaiegun batean bada, hurrengo lanegunera igaroko da automatikoki. 

Arau-hausteak eta isunak

Arau-hauste arinak, larriak eta oso larriak tipifikatzen ditu araudiak, “kutsatzen duenak ordaintzen du” printzipioan oinarrituta. Isunei dagokionez, Kuadrillatik jakinarazi dute 2.000 euro arteko zigorrak ezarriko dituztela arau-hauste arinen kasuan, eta zigortu daitezkeen jokabideetako batzuk zerrendatu dituzte: "hondakinak gaika bereizi gabe edo baimendu gabeko edukiontzietan uztea, hondakinak bide publikoan abandonatzea, edukiontziak manipulatzea edo hondatzea, edukiontzien erabilera desegokia egitea, papera eta kartoia behar bezala ez uztea edo hildako animaliak espazio publikoetan uztea, besteak beste". 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide