Laudio, Aiara eta Artziniegako udal gobernuek jakinarazi dute errolda soziala ezartzeko protokolo bateratua lantzen ari direla. Tokiko erakundeek baliatu dezakete tresna hori (eta Eudel Euskadiko Udalen Elkarteak hala gomendatzen du) herritarrek egiaztatu dezaten udalerri batean bizi direla.
Hiru udalerrien kasuan aipatu dute kale egoeran bizi diren pertsonen fenomeno berria eta horri erantzun egokia emateko beharra. Ordea, errolda soziala bestelako ataketan ere baliatu daiteke. Esaterako, alokairuan bizi diren lagunen kasuetan, jabeak erroldatzea ahalbidetzen ez duen kasuetan.
Laudioko, Aiarako eta Artziniegako udalak ekimen bateratua prestatzen ari dira errolda soziala abiatzeko.
Eskualdeari dagokionez, Udalek hoankoa aipatu dute: "Aiaraldeara iristen diren pertsona migratzaile gehienek zaurgarritasun-egoeran egiten dute". Gauzak hala, hiru tokiko gobernuek aldarrikatu dute errolda soziala berebizikoa da kale egoeran dauden herritarrek oinarrizko zerbitzu publikoak jaso ditzaten.
Hala ere, nabarmendu beharra dago lan baimenak eskuratzeko, besteak beste, herritar migratuek egiaztatu behar dutela errotze soziala eta horretarako, gutxienez, Espainiako Estatuan bi urte bizi izan direla frogatu behar dutela. Errolda ezinbesteko dokumentua da hori egin ahal izateko.
Arabako Foru Aldundiaren laguntza
Dena den, EH Bilduk gobernatzen dituen hiru Udalak Arabako hiriburura begira ere jarri dira: "Araban eskuragarri dauden baliabide gehienak Gasteizko hiriburuan kontzentratuta daude. Hori dela eta, testuinguru horretan, Laudio, Aiara eta Artziniegako udalek, beren eskumenen baitan, hainbat ekimen jarri dituzte martxan, baina gaur egun ez dira nahikoak egoeraren larritasunari erantzun egokia emateko".
Eskualdeko Udalek eskatu diote Arabako Foru Aldundiari kale egoeran bizi diren herritarrak lagundu ahal izateko eta, besteak beste, migrazio-arloko teknikaria esleitzea proposatu dute.
Gauzak horrela, eskaera zehatzak egin dizkiote Gizarte Politiketako foru diputatuari, Gorka Urtarani. Alde batetik, Aiaraldeko Kuadrilla osoari zerbitzua emango dion migrazio-arloko teknikari baten esleipena eskatu diote. Figura horren bidez, lurraldeko errealitatearen jarraipen zuzena egitea, udalerrien arteko koordinazioa indartzea eta kale-egoeran edo gizarte-bazterketako arriskuan dauden pertsonen gizarte- eta administrazio-laguntza eraginkorra bermatzea lortu nahi dute.
Bestetik, udalerri txikienetan kale-hezitzaileen figura ezartzea ere eskatu dute, bai eta pertsona horien autonomia pertsonala eta gizarteratzea sustatuko dituzten prestakuntza- eta lan-programak abian jartzea ere.
Azkenik, Gizarte Politiketako foru diputatuari helarazitako idatzi batean, oinarrizko asetzea helburu duten gizarte-bonuak ezartzea ere eskatu dute, baita osasun-arloan dauden desberdintasun sozialak murrizteko neurri osagarriak hartzea ere.